Bidean, kirol-denda batean geratu ginen, elur-botak eta lerak erosteko. Bi ordu eta erdiko bidaia hasi genuen. Heldu ginenean dena elurtuta zegoen. Nire senarrak eta nik ilusio handia genuen, gure seme-alabei, Ikerri eta Aitanari lehenegoz elurra erakutsiko genielako. Autotik jaisterakoan erosi berri genituen botak jartzea erabaki genuen, eta hor dena okertu zen. Ez zegoen Ikerri botak jartzeko modurik. Saiakera batean, botetako bat autotik atera zen hegan. Elurra zela, pasatzen ari zen jendea zela, ez genuen inoiz botarik aurkitu. Justu ordu batzuk lehenago erosi genuen bota! Botari uko egitea eta gure planekin jarraitzea erabaki genuen, dagoeneko etsiago.
Apartamentu txikira iritsita, umeei oparitutako buzoak janzten hasi ginen. Garai hartan urtebete besterik ez zuen Aitanak lasai asko jantzi zuen; Ikerrek, ordea, ez zuen nahi. Ez zegoen buzoa jartzeko modurik. Negarrez hasi zen, oihuka, ostikoka, eta zuen janzten. Ikerren diagnostikoa jaso genuenetik bost hilabete besterik ez ziren pasatu, eta autismoari buruz asko ez genekien. Nire ez jakintasunean Iñakiri esan nion buzoa jantziko geniola, “marruaka hasten bazen ere. Gero, elurretara azkar eramango dugu eta harekin jolasean hastean buzoa ahaztuko du”. Hala egin genuen. Kanpora atera ginen eta Iker elurretara eraman genuen. Baina nik uste nuena gertatu beharrean, Ikerrek buzoa kendu eta galtzontzilotan gelditu zen. Oihuka eta negarrez, atariako atean zintzilikatu zen. Inguruko jende guztia begira genuen. Iker berriro janzten saiatu ondoren, lurrean eseri nintzen behea jota. Planeatutako ezer ez zen gertatzen ari, ez egun horretan, behintzat. Iñaki alboan eseri zitzaidan, hura ere etsita. Han eserita geundela, neska bat pasatu zen gure aurretik eta esan zigun: “hiru haur ditut eta bat bera ere ez da portatu inoiz modu horretan!”. Iñaki erantzun zion: “zureetako batek ba al du autismorik?”. Emakumeak esan zion: “Ez, baina…”. Besarkatzen ari zitzaion senarrak ahoa txi zion, Iñakiri barkamena eskatu zion, eta bikoteak bere bidea jarraitu zuen. Saminagatik eta frustrazioagatik negarrez hasi nintzen. Iñaki lurretik jaiki zen eta esan zidan: “goazen etxera”. Haurrak hartu eta Zumaiara itzuli ginen. Ezer ez zen gertatu planeatu genuen bezala. Zure bizitzarako plan bat izango duzu, baina bizitzak beste plan bat du zuretzako. Bueltako bidean aurre erosi genuen guztia itzuli genuen; une hartan ez genuen pentsatzen inoiz erabiliko genituenik.
Hurrengo neguan Gasteizen elurra egin zuen. “Eta Gasteizera joaten bagara?”, esan nuen. “Ez dago Astun bezain urruti, eta iazko gauza bera gertatzen bada, bueltatzen gara, eta kitto. Azken finean, autoan ordubete besterik ez da”. Iñakik baiezkoa esan zidan, eta han joan ginen. Autismoari buruz zerbait bagenekien ordurako, eta irudien bidez Ikerri esan genion nora gindoazen, eta han zer egingo genuen. Hitzak errazago ulertzen ditu irudiekin eta marrazkiekin lagunduta. Gauzak aurretik esan behar genizkiola ere jakin genuen. Horrela, Iker zer gertatuko den aurresaten saiatu beharrean –antsietatea sorraraziko dio berak espero duena gertatzen ez bada–, berak jakingo du zer gertatu den eta gozatu ahal izango du. Elurretako buzoa jantzi beharko zuela esan nion, eta etxean janztea praktikatu genuen. Isabel Paulak Antsietatea autismoan liburuan dioenez, “funtsezkoa da autismoa duten pertsonen ongizate emozionalerako, bere ingurunean ahalik eta iragarpen handiena izatea. Zer gertatuko den ez badakigu, gertatzen diren ekintza eta egoerei zentzua eta koherentzia eman ezin badiegu, agian larrituta eta gaizki sentituko gara”. Elurtutako mendira heldu ginenean Ikerrek arazorik gabe jantzi zituen botak eta elurretako jantziak. Dena aurreikusita genuen bezala gertatu zen. Elurretan jolastu genuen! Elur bolak eta elurretako panpina ere egin genuen! (argazkia egun horretakoa da). Pozik itzuli ginen etxera.
Ikerrek gaur 10 urte ditu eta asteburu asko Astunen igarotzen ditugu. Elurretako arropa, eskirako botak, kaskoa eta beharrezkoa duen guztia janzten du. Teleaulkian igotzen da eta eskiatzen ikasi du. Egun batzuetan esan ohi dut ez naizela berriro itzuliko hona, baina amaitzerik ez dudan egunak ere badaude, eta halakoetan pentsatzen dut pasatutako guztiak merezi izan duela. Atari horretara itzultzen naizen bakoitzean gogoratzen dut historia hau, eta negar egin beharrean, irribarre bat ateratzen zait. Barre egiten dut gogoratzen dudalako ordutik egin dugun bide guztia.