Merendola

Erabiltzailearen aurpegia Ikerren ama 2023ko abu. 21a, 11:00

Ikerrek 5 urte bete zituenean ospatu genuen lehenengo merendola.

Ez nengoen ziur ea bere urtebetetzea horrela ospatzea gustatuko litzaiokeen, baina berak, eta nik ere bai nolabait, zerbait arrunta bizitzea nahi nuen, besteek egiten zuten bezala. Gainera, merendola Ikerrek haurrekin jarduteko aukera gisa ikusten nuen. Uste genuen bezala atera zen dena, gutxi gorabehera. Hurrengo urtean urtebetetzeko merendola egin genuen berriro. Eta hurrengoan ere bai, baina kontutan hartu ez genuen zerbait gertatu zen orduan: Ikerrek bere merendolatik joan nahi izan zuen.

Hurrengo egunean Raquel psikologoarekin hitzordua nuen. Iritsi nintzenean, merendolaz aritu nintzen lehendabizi. "Merendolak iraun zuen garaian uneren batean gozatu al zuen?", galdetu zidan. "Bai, azken 20 minutuetan jolasean aritu zen mahaiaren azpian ezkutatzen", erantzun nion. Artikulu honekin doan argazkia erakutsiz, esan nion: "Begira nola zituen belaunak amaieran!". Uste ez nuen zerbait esan zidan: "Bada, hurrengo urtean berriz!". "Baina, merendola txikiagoa egingo dut, hiru edo lau umerekin?", galdetu nion. "Ez! Berdin egingo duzu; izan ere, egiteari uzten badiozu, hemendik urte batzuetara erabat utziko duzu, eta Aitana eta zu ere isolatuz joango zarete", esan zidan. Raquelekin hitz egin ondoren, nik Ikerren urtebetetzea iristea nahi nuen merendola errepikatzeko eta berak irakatsitakoa praktikan jartzeko, baina koronabirusa iritsi zen eta hurrengo bi urtebetetzeak ezin izan genituen ospatu.

2022a iritsi zen. Ikerrek eta bere gela bateko neska batek bi eguneko aldearekin ospatzen dituzte urtebetetzeak. Urte horretan, neskaren amak eta biok hitz egin genuen merendola batera egiteko. Iritsi zen eguna. Nik eta ikaskidearen gurasoek merendola guztia antolatzen genuen bitartean, Iñakik bizikletan ibiltzera eraman zuen Iker. Horrela, Ikerri itxaronaldia ez zitzaion hain luzea egingo eta, aldi berean, lasaitu egingo zen asko gustatzen zaion kirol baten bidez. Iker merendolara iritsi zenean lagun guztiak mahaian eserita zeuden. Prestakuntza guztiarekin nenbilen eta Ikerrentzat leku bat gordetzea ahaztu nuen. Xehetasun hori niri ahaztu zitzaidan, baina ez Ikerren lagunei. Iritsi zenean bi neskatok deitu zioten berehala: "Iker eseri hemen gurekin!", eta tarte bat egin zioten bien artean. Iker erdian eseri zen eta merendatzen hasi zen. Lagunek hitz egiten zioten, berak erantzuten zien eta gominolak jaten zituen. Iker pozik zegoen.

Iñakik saski batzuk lortu zituen, berak jokatzeko erabiltzen dituenak bezalakoak, baina hauek kartoizkoak ziren eta pillotatxo txiki batzuk zeramatatzen. Askaldu ondoren, saskiak banatu genizkien haurrei eta hauek jolasean hasi ziren. Ikerrek ere berea hartu zuen eta jolasten hasi zen. Pilota gora, pilota behera, haurren artean zebilen eta nik berriz ere gozatu egin nuen besteen artean zebilelako. Aurreko merendola hartako tentsiotik ez zen arrastorik geratzen. Eta horrela igaro zen arratsaldea.

Ikerrek Kofradiako hormara saskiarekin pilotakadak botatzen jarraitzen zuen. Halako batean, ezkerrerantz eta eskuinerantz begiratu eta dagoeneko inor ez zela geratzen ohartzean, esan zuen: "Haurrak? Merendola?". "Iker, amaitu da. Datorren urtean berriro", erantzun nion.

Ondo atera ez zen merendola haren esperientziarekin geratu izan bagina, ez ginateke hurrengora igaroko, eta justu hura izan zen denetan onena.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide