Ez egin halako galderarik!

Erabiltzailearen aurpegia Ikerren ama 2023ko urr. 18a, 10:00

Ikerrek Shelter eskolak antolatutako surf egokituko lehiaketa batean parte hartu zuen. Pertsona talde bikain batez osatutako surf eskola da Shelter, eta Iker duela hiru urtetik ari da bertan. 

Parte-hartzaileen artean mutil bat zegoen, Aiert, txikitan hanka zatiak galdu zituena meningitisaren ondorioz. Ikerrek Aiert ikusi zuenean, harengana hurbildu eta hanka ukitu zion: "Zer gertatzen zaio hankari? Hautsi al da?", galdetu zion. Nik ez nuen erantzuten jakin, eta "Iker! Iker!" esan nion haren eskua eusten saiatu nintzen bitartean. Aierten aitak, semearekin zegoena, "lasai, lasai" esan zidan, baina ni ez nengoen lasai. Ikerrek berriro ukitu zuen Aierte hanka, eta gero galdetu zuen: "Noiz sendatuko da?". Une hartan ni ez nintzen ausartu Aiert eta bere aita begiratzera. Iker hartu eta eraman egin nuen. Ez nekien zer erantzun, eta ez nekien filtrorik gabeko zintzotasunak min egin zien aita hari edo mutil hari. Handik gutxira, hondartzarantz abiatu ginen.

Hondarretan geundela, duela urte batzuk istripu baten ondorioz hanka galduzuen mutil bat pasatu zen. Iker begira geratu zitzaion, eta jarraian galdetu zion: "Zer gertatu zaio hankari?". Mutilak ez zion entzun eta oinez jarraitu zuen. Nik Aiertekin lehenago gertatu zitzaigunaz pentsatzen jarraitzen nuen, eta Ikerrengana hurbilduta esan nion: "Iker, gelditu! Ez egin halako galderarik!". Ironikoa zen: urteak behar izan genituen Iker galderak egiten hasteko, eta naturaltasunez hasi zenean nik isildu egin nuen. Iñakiri esan nion zer gertatu zen, eta mutil hori gaizki sentiarazi izanak kezkatzen ninduela. Iñakik esan zidan ezagutzen zuela, Ibon zuela izena, eta harengana hurbildu ginen. Iñakik Iboni esan zion ni kezkatuta nengoela gure semeak egindako galderarekin eta Ikerrek autismoa zuela. "Ez dut entzun", erantzun zion Ibonek. Ikerren galderak ezer txarrik ez zuela eta ume guztiek hori galdetzen ziotela ere esan zigun. Gainera, kontatu zigun bera eskoletara joaten dela izan zuen istripuari buruzko hitzaldiak ematera. Hori kontatzen zigun bitartean, Ikerrek, jakin-minari eutsi ezinik, Ibonen protesia ukitu zuen. Eskua eusten saiatu nintzen, baina Ibonek esan zion: "Bai, bai, ukitu, Iker. Plastikozkoa da", Ikerri bere protesia erakusteko galtzak biltzen zituen bitartean. Ibonekin hitz egin ondoren, nire zati bat lasai geratu zen, baina ez erabat.

Arratsalde osoan zehar Aiert eta bere gurasoengana hurbiltzen saiatu nintzen, baina ez nintzen ausartze, eta horrela jarraitu zuen arratsaldeak. Iluntzen hasi zen eta etxera joatea erabaki genuen. Alde egitera gindoazela, Aiert eta bere familiarekin gurutzatu ginen berriro, baina ez nintzen haiei hitz egitera ausartu eta aurrera egin nuen. Urrats batzuk eman nituenean, gelditu egin nintzen, eta Iñakiri, nire senarrari, esan nion: "Ezin naiz joan haiekin hitz egin gabe". Iñakik bazekien zer gertatu zitzaidan haiekin, eta erantzun zidan: "Tira, lagunduko dizut". Aiert eta bere familiarengana hurbildu nintzen eta esan nien arestian Ikerren galderekin une deseroso bat pasatu genuela, Ikerrek autismoa zuela eta horregatik ez zuela iragazkirik. Letik, Aierten amak, berehala esan zidan ez zela ezer gertatzen eta ez kezkatzeko. Esan zidan Ikerrek ez zuela ezer txarrik egin; alderantziz, berak enpatia erakutsi ziola Aierti, eta berak nahiago zuela zintzotasun hori, ohiko disimulua edo axolagabekeria baino.

Juan Martosek eta Maria Llorentek, El niño que se olvidó cómo mirar liburuan, zera diote: "Autismoa dela-eta, denek baloratu beharko genituzkeen bertuteak dituztela erakusten digute. Zintzoak dira, pentsatzen dutena esaten dute, tolesik eta asmo ezkuturik gabe, justiziaren zentzu handia dute eta ez dute ez arrazoirik ez bigarren asmorik epaitzen, ezta inori egozten ere. Haiekin lan egiteak gure izateko moduaren alderdi batzuk zalantzan jartzea eragiten dizu: batzuen erabateko gardentasuna da, beste batzuen ohiko itxurakeriaren eta hipokrisiaren aurrean".

Ibon eta Leti, eskerrik asko gure historia txikia partekatzen uzteagatik.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide