Oreka kontua

Erabiltzailearen aurpegia Ikerren ama

Normalean, lehendabizi istorioa idazten dut, eta, gero, irudia bilatzen dut harekin batera joateko. Oraingoan alderantziz izan da. Lehenengo irudia aukeratu dut (kasu honetan bideoa), eta gero istorioa idatzi dut. Izan ere, bideo honek ondo sentiarazten nauen guztiaz betetzen nau.

Bideo horren atzean, tentsio-, lasaitasun-, pazientzia-, ezinegon-, errenditze- eta pertseberatze-uneak izan ziren. Baina, bideo honen atzean egon zen gauzarik garrantzitsuena Ikerri aukera eman zioten pertsonak izan ziren, berarengan sinistu zutenak eta distira egiten utzi ziotenak.

Gizaki Bakarrak liburuan, Briant Canhasek, Justinen aitak, autismoa duen bere semeari buruz zera dio: "Ez du arrakastarik, hala eta guztiz ere (autismoagatik), baizik eta horregatik".

Ikerrek 3 edo 4 urte zituenean, zaldi gainean ibiltzen genuen Vanesarenean. Egun batean, Ikerri begira, berak esan zigun: "Oreka deigarria du". Uste dut Vanesa izan zela Ikerren oreka nabaritu zuen lehen pertsona. Guk, bere gurasook, baino lehenago.

Iker bere surf klaseetara joan zen lehen egunean, Andonik, bere irakasleak, gauza bera esan zigun Ikerren orekari buruz. Izan ere, Iker, surflariek eraman ohi duten jarrera hartu beharrean, ohol puntan jartzen zen, oinak paraleloan zituela. Baina Ikerren oreka ez zen izan Andonik nabaritu zuen gauza bakarra, izan ere, Andonik autismotik haratago ikusten jakin izan du beti.

Snowboard klasea amaitzean, Juanek, Ikerren irakasleetako batek, esan zigun: "Mutil honek oreka bat du...!". Gero, Juanek lagunarteko esamolderen bat erabili zuen, gazteek erabiltzen dituen horietakoa, ni gero eta urrunago nagoena, esateko Iker eta biak pistetako batetik ziztu bizian etorri zirela. Iñakik harro ospatu zuen balentria. Nik, txantxa gisa, esan nion, "Juanito, hori ez da amaren aurrean esaten!". Denok egin genuen barre.

Komentario horiek guztiek zoriontsu eta harro sentiarazi gaituzte, eta ez bakarrik Ikerren oreka-gaitasuna nabarmentzen dutelako, baita pertsona horiek guztiek Ikerrengan sinesten zutela erakusten zigutelako ere.

La vida en orden alfabetico iburuan, Juan Martosek eta María Llorentek zera diote: "Autismoa duten pertsonek potentzial handia dute gizarte honetarako. Beren talentuak garatzeko eta beren indarra erabiltzeko aukera ematen bazaie, edozein arloren garapenean lagundu ahal izango dute, izan teknologiaren, artearen, ekonomiaren edo informatikaren arloetan. Ekarpen handia egin behar dute, baina beraiengan sinestea, gure aurreiritziak gainditzea eta neurodibertsitatean dagoen aberastasuna ikusten jakitea behar dute".

Batzuetan bidea korapilatu egiten da, baina bideo honetakoa bezalako uneek konplikazio horiek guztiak merezi izatea ekartzen dute. Une horiek gertatzea lortu behar dugu, eta inoiz ez, baina inoiz ez, Ikerrengan sinesteari utzi.

Dantzatu, Iker, dantzatu!

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide