Tristurarekin tripako mina izaten da

Erabiltzailearen aurpegia Ikerren ama 2026ko apirilaren 15a

E.T.-ren marrazkia.

Urteetan zehar gure psikologoa bisitatu izan dugun bakoitzean, errepikatu digun gomendioetako bat Ikerri emozioen mundua erakutsi behar diogula izan da.   

Hasteko, oinarrizko emozioak ezagutzen lagundu diogu. Hala nola, aurpegiko adierazpenetan poza, tristura, haserrea edo beldurra. Ondoren, emozio horiek egoera desberdinekin lotzen irakatsi diogu, eta pixkanaka, haien ulermena zabaltzen joan gara, emozio konplexuagoetara iritsi arte, lotsa edo antsietatea kasu. Hala ere, emozioen mundua korapilotsua da oraindik Ikerrentzat.  

Berari zaila egiten zaio irudi batekin bistaratu edo irudikatu ezin dena ulertzea. Hala gertatzen zaio emozioekin. Emozioak abstraktuak eta ukiezinak dira, eta, ondorioz, Ikerri horiek ulertzea konplexua egiten zaio, bai bereak bai besteenak ere. Baina horrek ez du esan nahi Ikerrek emozioak sentitzen ez dituenik. Gainerako pertsonen emozio-aniztasun bera du, eta sentitzen ditu, baina beste modu batean adierazten ditu.  

Ikerrek askotan galdetzen du: "Zer gertatzen zaio Ikerri?" (Ikerrek hirugarren pertsonan hitz egin ohi du bere buruaz). Gu interpretatzen laguntzen saiatzen gara, eta sentitzen ari den emozioari izena jartzen. 

Aurreko batean E.T. Estralurtarra pelikula ikusi genuen. E.T. hiltzen den eszenan (nahiz eta gero berpizten den) Aitana negarrez hasi zen; Iker, bere aldetik, "Iker zorabiatuta dago", "Ikerri tripako mina ematen dio" esaten hasi zen. Eszenak tristura eragiten zuen harengan ere, baina Aitanak ez bezala, zeinak negarrez adierazten zuen bere tristura, Ikerrek urdailean sentitzen zuena zioen, arrebari negarrez harrituta begiratzen zion bitartean. "Zer gertatzen zaizu Aitana?", galdetu zion Ikerrek. Nik aukera aprobetxatu nuen azaltzeko Aitana eta biak triste zeudela, baina Aitanak negar egiten zuela eta berak zerbait arraroa sentitzen zuela urdailean. Mundua hautemateko eta sentitzeko duen modu desberdinari esker, agerikoa dirudienetik haratago begiratzen ikasi dugu, eta emozioak hainbat modutan adieraz daitezkeela erakutsi digu. 

El niño al que se le olvidó cómo mirar liburuan, Juan Martosek eta María Llorentek zera diote: "Askotan nahastu egiten dira emozioak eta sentimenduak adierazteko duten modu desberdina emozio eza edo gabeziarekin, eta horrek nahasmenaren ulermen eskasa islatzen du. Emozioak modu ez oso konbentzionalean adieraz ditzakete, sentitzen dutena hizkuntzaren bidez adierazteko zailtasunak izan ditzakete, eta aurpegiko keinuak eta adierazpenak era traketsean edo ez oso argian erabili. Baina, adierazpen emozionalaren berezitasun horiek ez dute esan nahi sentimenduak hor ez daudenik. Autismoa duten pertsonak beste guztiak bezala hunkitzen dira, gainerako pertsonek bezala maite dute, biziki, eta, mundu guztiari bezala, min ematen die irain eta eraso pertsonalek". 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide