Errore-tarterik gabe

Erabiltzailearen aurpegia Ikerren ama 2026ko maiatzaren 16a

Piktogramak: ARASAAC (http://www.arasaac.org)

Historia hau dena gaizki atera den egun horietako batean idatzita dago. Gure bizitza, edo nirea behintzat, batzuetan Iker langile duen noria bat bezalakoa delako. Egun batzuetan goian gaude eta beste batzuetan behean. Gaur behean egotea tokatu da.

Egunen antolaketari erantzuten dion errutina jarraitzen du egunero Ikerrek. Arratsaldeetan, ikastetxetik ateratzen denean, Ikerrek jan egiten du, lan egiten du, jolastu, askaria egin, kirola egin (surfa, igerilekua edo bizikleta), afaldu, dutxatu eta lotara joaten da. Egunak modu berean ditu antolatuta. Ikerri zoriontsu zerk egiten dion galdetzen diozunean, bere errutinari jarraitzea dela erantzuten du.

Inflexibilidad en los niños con TEA liburuan, Deletrea Taldeak honako hau idatzi du: "Errutinek gauzetan eta gertaeretan ordena bat ezartzea ahalbidetzen dute. Egoera batzuetan funtzionamendu-patroiak detektatzeko aukera ematen dute, behin eta berriz errepikatzen diren neurrian. Errutinek aurreratzeko eta iragartzeko mekanismo oinarrizkoa eta sinplea (baina, jakina, mugatua) ematen dute. Errutinek, azken batean, aukera ematen dute beldurra ezabatzeko edo minimizatzeko, eta egoera ezezagun eta ustekabekoen aurrean segurtasun ezak eta antsietateak eliminatzeko. Lasaigarri gisa jokatzen dute. Parazetamola sukarrerako eta buruko minenako den bezala".

Batzuetan, Ikerrek aldaketak onartzen ditu, beste batzuetan ez hainbeste, bere egoera emozionalaren arabera. Egunak ezegonkorrak edo estresagarriak izan badira, hobe da errutinari hertsiki lotzea. Aitzitik, aurreikusi zitekeen modukoak eta lasaiak izan badira, Ikerri malgutasuna irabazten laguntzen dioten inprobisazio batzuk egin ditzakegu; izan ere, Angel Rivierek esan zuen bezala, "malgutasunik ezak giza ekintzaren aberastasuna eta konplexutasuna mugatzen ditu, eta askatasuna murrizten du".

Iker ez zegoen erabat lasai. Ez nago arrazoiaz ziur, baina uste dut Iñakik bizikletaz egin zuen ibilbide aldaketa baten ondorio izan zela.

Ni ere batzuetan erlaxatu egiten naiz eta pentsatu nuen Ikerrek bere askariagatik pixka bat zain egon zitekeela, ordenagailuan zerbait egiten amaitzen zuen bitartean. Nire hutsegitea izan zen; Iker ordurako aldaketa bat (bizikletaren ibilbidearena) digeritzen saiatzen ari zen, eta nik, gainera, bere errutina hautsi nion, askariaren zain geraraziz. Iker ez da apetatsua, eta ez dago gaizki hezia. Ikerrek malgutasun kognitiborik ez du. Malgutasun eza autismoaren ezaugarri medular bat, eta beraz, Ikerrena. Malgutasunik eza horren arrazoia da Ikerrek zailtasunak dituela ezustekoak edo aldaketak direnean, haiei aurre egingo dien alternatibak sortzeko.

Bere bizikleta ibilbidea aldatu zelako batetik, eta askaria prest ez zegoelako bestetik, Iker blokeatu egin zen eta buruan atximur egin zuen. Zer egin nuen nik hura ikustean? Bada, errieta egin. Beste akats bat, lasaitu beharrean gehiago asaldatu zintudalako. Baina min ematen dit zu mintzen ikusteak.

Batzuetan autismoa kentzea gustatuko litzaidake, baina berak minik ez hartzeko bakarrik. Gero, itzuli egingo nioke, niri Iker gustatzen zaidalako den bezala. Lotsagabea, bitxia, literala, errugabea, saiatua, zintzoa, burugogorra, sinplea eta apartekoa. Infinituki jarrai nezake. Baina gero, ni dagoeneko egongo ez naizen egunean pentsatuz gero, berriro kenduko nioke. Mundua pixka bat errazagoa, hainbeste oztopo eta iritzirik gabekoa egin zekion egingo nuke. Baina autismoa ez da ez kentzen ez jartzen. Horregatik idazten dut, gero eta gehiago ulertzeko eta gutxiago epaitzeko.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide