Gerra nire buruan

Erabiltzailearen aurpegia Ikerren ama 2026ko ekainaren 7a

Lehengo egunean Un gran equipo izeneko film bat ikusi genuen. Autismoa duen haur baten istorioa kontatzen du filmak. Bere aitarekin batera, bere futbol talde gogokoena bilatzeari ekiten dio. Istorioa Mirco Von Juterczenka eta bere seme Jason Von Juterczenkaren bizitzan oinarrituta dago.

Eszenetako batean, Jasonek War Inside My Head (Gerra nire buruan) abestia entzuten du, eta aitari esaten dio abestiak berari buruz hitz egiten duela, berak ere buruan gerra bat balego bezala sentitzen baitu. Jasonek dio barne-arau batzuk dituela, eta askotan berak nahi duenarekin edo egoera jakin batzuk konpontzeko erabil ditzakeen konponbideekin gatazkan jartzen direla. Dio pentsamendu asko dituela aldi berean eta ez duela lortzen pentsamendu horiek ahokatzea. "Aldi berean elkarren artean kontraesanean dauden agindu desberdin asko jasotzen dituen ordenagailu bat bezalakoa da. Borrokan duzu zeure burua", deskribatzen du Jasonek.

Ikerrek ez du Jasonen hitz-jario bera, eta, askotan, ezin du azaldu zer gertatzen zaion, baina Jasonek deskribatzen duen hori, nik badakit Ikerri ere gertatzen zaiola.

Ikerrek izozkiak maite ditu, baina ezin ditugu une oro jan. Batzuetan, gogoa burutik kantzeko (bere literaltasuna argi eta garbi ahaztuta), izozkiak udan jaten direla esaten diot.

Aurreko batean, izozki baten bila joatea erabaki genuen. Ikerri plana esan genionean, urduri samar jarri zen, baina ez genion garrantzi handirik eman, eta berdin joan ginen. Izozki-dendara iristean, Ikerrek esan zuen: "Ez dut izozkirik nahi". Izozkia jateko eskatu nion, erregutu egin nion, eta eman nionean, berak ez zuen hartu nahi izan ere;  esan zidan: "Ez dut izozkirik jaten udaberrian". Berehala etorri zitzaidan burura Jason eta "bere baitako borroka". Ikerrek izozkia jateko gogoa zuen, "udaberrian ez da izozkirik jaten" araua zuen bere buruan. Arau hura hausteak antsietatea sortzen zion, eta horregatik uko egin zion izozkiari, jateko gogoa izan arren.

Ikerrek bere buruari jarri eta bete nahi dituen arau horiek burugogorkeriatzat edo kapritxotzat har daitezke, baina, egia esan, berak erabiltzen dituen tresnak dira, ziurgabetasuna murrizteko eta mundua aurreikusgarriagoa egiteko.

Tematu ondoren, Ikerrek barneko araua haustea lortu zuen eta izozkia jatea onartu zuen.

Handik gutxira galdetu nion ea jertsea kendu nahi zuen erosoago egon zedin, eta baietz erantzun zidan. Izozkia eman zidanean eusteko, hau lurrera erori zitzaigun. Lurrean zegoen izozkia begiratuta, berriro esan zuen: "Udaberrian ez da izozkirik jaten". Uste dut autokonsolatzeko moduan esan zuela. Izozkia galdu bazuen ere, baina barneko araua ez hautsi izanarekin kontsolatu zen.

Iñaki beste izozki baten bila joan zen Iker lasai zain zegoen bitartean. Hain zuzen ere, izozkia erortzea da Ikerrekin landu dugun egoeretako bat, egunerokoan sor daitezkeen ezusteko txikiak konpontzeko irtenbideak erakutsi dizkiogunean. Ustekabeen aurrean, Ikerri zaila egiten zaio irtenbideak edo alternatibak aurkitzea. Horregatik, hori modu zehatz eta bisualean irakatsi diogu.

Iñaki izozki berriarekin itzuli zen, eta orduan bai, Ikerrek zalantzarik gabe jan zuen.

Idatzi honekin batera doan argazkiak ez du zerikusirik istorio honekin, baina nire gogokoena da eta partekatu nahi nuen.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide