Udazkenero, ordutegi aldaketarekin, eguna artean ilun dagoela joan behar du Ikerrek eskolara.
Autismoaren eraginez, Ikerri ulertzeko zail zaizkio kontzeptu abstraktu batzuk, adibidez denbora, ezin duelako irudikatu. Berarentzat, zaila da denbora ulertzea erlojuak markatzen dituen orduen bitartez. Aitzitik, goizetako argiak eta gauetako iluntasunak denbora interpretatzen laguntzen diote. Eguneko zer momentutan dagoen ulertzen laguntzen diote. Goizean, esnatu egiten naiz, gosaldu egiten dut eta eskolara noa Gauean, afaltu egiten dut, dutxa bat hartzen dut eta ohera noa.
Udazkenarekin egunsentia berandutzen denean, Iker gidatzen duen orden hori apurtu egiten da. Jaikitzeko ordua iristen da, baina ez dago argirik. Ikerrentzat, egunaren igarotzea ulertzeko duen modua apurtzen da. Lehen aurreikusgarria zena jadanik ez da. Horren eraginez, inguratzen duen munduarekiko duen konfiantza puskatzen da eta, ondorioz, antsietatea azaltzen da.
"Antsietatearen kontrakoa ez da lasaitasuna, konfiantza baizik", dio Barry Prinzatek Seres humanos únicos liburuan. Ikerren bizitzan bizien dagoen emozioa da antsietatea, eta horri egokitzeko modu ugari aurkitu ditugun arren, ez dugu beti lortzen. Pentsatu genuen hobe zela beranduago esnatzea, jaikitzeko momentuan argi gehiago topatu zezan. Alta, aukera hori baztertu genuen, eskolako ordutegian eragina izango zuelako eta horrek beste gatazka bat eragingo ziolako. Istorioak kontatu dizkiogu azaltzeko zergatik udazkeneko egun batzuetan beranduago argitzen duen egunak. Baina gertatzen dena ulertzeak ez dakar, bere horretan, sarri aurreikusten zaila den munduarengan konfiantza berreskuratzea.
Zera idatzi zuen Prizantek: "Udazkeneko aste zehatz batean, Sharonek antzeman zuen bere sei urteko semearen jarrerak nabarmen okerrera egin zuela, baina aldaketa horrek, itxuraz, ez zuen loturarik eskolan edo etxean gertatuako ezerrekin. Dmitri umore txarrez jartzen zen, ez zegoen lasaitzeko modurik, ez zuen afaltzen. Orduan, amak kausa identifikatu zuen: ordu aldaketaren ostean hasi zen aldaketa. Dmitriren errutina apurtu egin zen. Hanbat hilabetez, kanpoan argia zegoela afaldu zuen. Orain, bat-batean, ilun zegoela afaltzera behartu nahi zuten. 'Egunean konfiantza galdu izan balu bezala da', esan zuen Sharonek. Umearen irudiko, bere gurasoek abisatu gabe aldatu zituzten arauak. Arraroa al da umore txarrez egotea?"
Ezin ditugu aldaketa guztiak saihestu, eta munduak ez dio beti erantzungo Ikerrek behar duen orden horri. Baina saia gaitezke ulertzen zer eragin duten aldaketok Ikerrengan, saia gaitezke laguntzen ordena puskatzen denean eta konfiantza galtzen duenean. "Non dago eguna? "Hor dago, Iker, oraindik ikusten ez badugu ere".