2022 kontzientea

Erromatarrei zor diegu gure egutegi hau. Denbora neurtze horrek buruhauste nahiko baditu gure historian, gure azken konkista ote?

Laster urtea bukatzear da, eta hitzartu bezala, urte berri baten hasiera dugu 2022a. Berri horrek, halaber, egutegi berriaz gain, badirudi urteroko esperantza eta ilusio horiek eta zerbait berezia ere dakarrenaren sinesmen magikoa dugula, ezta? Ekaitzaren ondorengo lasaitasuna omen. Hala ere, kontzientzia hartzea garrantzitsua iruditzen zait, denborarekin egin ez duguna tenporalekin ere ez dugula egin oraindik; beraz, gure esku ez dagoen horretan esperantza asko jartzeak bueltan danbateko gogorragoa dakar.

Ez pentsa optimismoaren aurkako lerroak direla aurrekoak, errealismoarenak direla esango nuke. Gure gogamenak sosegua behar du, eta askotan esperantza da horren iturri, eta hori ondo dago, baina esperantza antzua denean, gure ongizatearen jabetza galtzen dugu, eta ongi izatearen oinarri nagusia hori da, kontzientzia handitzea, propioa eta baita inguratzen gaituen horrena ere.

Aurreko bi urteak txar eta gogortzat jotzen dira orokorrean; horietan salbuespenak ere badaude, noski, asko jazo da bi urte hauetan ere, balio sozialak zentzu batzuetan aldatu direlakoan nago, lehen garrantzia hartzen ez zuten gauzek berebizikoa dute orain, baita alderantziz ere. Kontzientzia handitzeko bi urte aberats izan direla iruditzen zait, batez ere gure ongizateari buruzko hausnarketan, eta hori egiteko beta izan dutenek 2022ra emozionalki erosoago iritsiko direla iruditzen zait. Badaude, bestalde, pandemia honetan biziki kaltetuak izan direnak ere, eta horiei beraien buru zein inguruaren zaintza jarriko zaie munduaren zentroan, zauriak ondo sendatu behar dira orbanak berriz ez irekitzeko, eta bai, alderdi horretan, 2022a zauri zaintzaileen urtea izango da.

Praktikan, 2021eko abenduaren 31 eta 2022ko urtarrilaren 1a berdinak dira, baina egia da, baita ere, psikologikoki lerro ikusezin bat eraikitzen dugula, hasiera eta bukaera bat, proiektu berriekiko ate irekitze bat, gure gogamenak enkoadraketa bat behar duelako, ezjakintasun eta ziurgabetasunak segurtasun eza dakar; beraz, kontrolatu ezin dugun denbora horrela konkistatzen dugu. Urtarrilaren batetan, beraz, geure buruan nolabaiteko hasiera berri baten aukera irekitzen da, eta hortik datoz urte berriko helburuak. Eta hori guztia irakurri ondoren zein helburuk duten zentzua irakurtzeko zain egongo zarete asko, hortxe ba nire hazitxoa zuentzat:

Kontzientzia propioak aske egiten gaitu, emozionalki aberatsago eta inguruarekiko ditugun desioekin konektatzen gaitu. Horregatik, kontzientziaren lanketa jarriko nuke urteko helburu gisa pertsona ororentzat, haur zein heldu, haurrek helduen laguntzaz, noski: garen horren zentrora bidaiatu, begiratu zein naizen, non nagoen eta nora joan nahi dudan, ez jakitea ere ondo dago, beti dugu zer ikasi, aldatzen goaz, eta joango gara, beraz, autozainketa, autobegiratzea, autoesplorazioa oinarri, kontzientzia handitzen.

Abraham Maslow handiak zioen bezala, “pertsona bat aldatzeko, bere kontzientzia propioa da oinarri”. Beraz, bizitzan aldaketak egin nahi ditugunean, kontuan izan geure kontzientziaren aldaketak eragin gehiago duela. Apuntatu gym-ean, hasi fruta gehiago jaten edota mendira astero joaten, zergatik ez, baina ez ahaztu benetan barneko ongizatea gure kontzientzia propioaren lanketatik datorrela. Urte berri on!

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide