Galdera bolo-bolo dabil, Zumaia lehen zurrumurrutan agertu zen une beretik. Zaleek, Zumaian liburuetako zein pasarte irudikatuko den jakin nahi dute, zein gaztelu kokatuko den San Telmo inguruan. Zumaiar askok, ordea, badute beste kezka bat: telefono-dei bat jaso nuen aurrekoan, zumaiar batek nire aurreko artikulua irakurrita kezkatuta deitzen ninduen, Game of Thrones grabatzean Itzurun hondartza eta Flyscha hondatuko dutelakoan.
Esan beharra dago, telesail honetan ordenagailuz sortutako eszenatokiak direla nagusi. Horretarako fondo berdezko pantaila erraldoiak ezartzen dituzte grabazioak egiten dituzten ingurunetan, ondoren ordenagailuz bertan joango den edukia sortuz. Imajina daiteke, beraz, Itzurunen ere antzeko zerbait gertatuko dela, hau da, pantaila berde erraldoiak kokatuko dituztela han hemen, ondoren ordenagailuz behar dituzten irudiak sortzeko. Jarraian duzuen bideoan oso ongi erakusten da nola egin dituzten horrelako eszena asko orain arte:
Hala bada, espero izatekoa da Itzurunen egin beharreko errodajeak inguruan eragin handirik ez izatea, baina Argian adierazten zen moduan, zine mundua ez da inguruneak zaintzeaz kezkatzen, eta espero izatekoa da Udalak hori kontuan izango zuela HBOrekin errodajeko baldintzak negoziatzeko garaian.
Zer izango da Itzurun?
Galdera honen erantzuna ez dugu izango dagokion kapitulua telebistan ikusi arte. Bitartean espekulatzea tokatzen da, eta Interneten zaleak hasiak dira horretan. Nire apustua (kontuz spoilerrak datoz) honakoa da: Daenerys-ek Dragonstone konkistatuz hasiko duela Westeros-eko inbasioa, bere itsasontzi eta herensugeekin, eta gaztelu hau Itzurunen kokatuko dutela. Horretarako, Itzurunen itsasontziak eta herensugeak sartzen ikusiko ditugu, argazkian bezala, baina noski, hori telebistan izango da, ordenagailuz eginak baitira.
Zaleek beste alternatiba batzuk ere aipatzen dituzte, Zumaian The Fingers edo Storm’s end irudikatuko dela. Aukera guztiak aztertu nahi badituzue, hemen aurkituko duzue mapa interaktiboa. Guztia da posible, eta ziur emaitzak harritzen gaituela. Edozein kasutan, zalantzarik ez izan ikusgarria izango dela.