Santelmoak pasa dira, inoizko arraroenak, eta ezin izan dugu elkarrekin zerbeza txukun bat(zuk) hartu normalean egingo genukeen moduan. Iritsiko da horretarako unea, baina zerbeza horrekin egingo genukeen hitz aspertua hona ekartzea pentsatu dut, aurreko mendeko formatura, gutun trukeak gaur egun ere balio duelakoan.
Egia esan, Kattan, nahiko ondo eraman dut orain arteko itxialdia, aspertzeko astirik gabe: bulegoko telelana eta frantseseko teleikasketaz gain, etxeko errealitatea dago, familia, etxeko-lanak, eta bestelako ardurak. Apenas izan dut denbora pare bat liburu irakurtzeko itxialdian: Camilleriren “El carrusel de las confusiones”, eta aspaldi hik gomendatutako Mikel Ayestaranen “Oriente Medio, Oriente roto (bikaina, bidebatez).
Atzo, ordea, lanerako borondaterik ez eta arratsaldea irakurketan eman nuen. Horrekin ohartu nintzen behea jo nuela. Iritsi da nekea, pentsatu nuen, baina datorren astean haurrekin kalera irtetzeko gogoari heldu nion, beti dago esperantza. Gaur iritsi da zaplaztekoa: haurrak supermerkatura joan daitezke, eta kitto! Zulo batetik atera ditzakegu zulo ilunagoan sartzeko. Gure agintariek ez dute seme-alabarik, pentsatu dut, baina guztiek dute txakurra.
Zerbeza batekin izango genukeen hizketaldia hona ekarri nahi nuela esan diat, baina ez dago horretarako giroa, euria ari du kanpoan eta barruan. Ea hurrengoa alaiagoa den. Hirearen zain gelditzen nauk, ez da zerbezarik egongo, ezta papera ere, baina ziur behintzat musika jarriko diokela.
Animo!