Zerbait ikasiko genuen, Kattan?

Erabiltzailearen aurpegia Josu Waliño 2020ko api. 27a, 21:37

Aupa Kattan,
 
Bagoaz pixkanaka. Atzo haurrekin kalera ateratzeko eguna izan zen, eta horrek arnasa eman zuen etxe askotan, gurea barne. Pausuz pausu bagoaz kanporantz, agian laster izango gara berriz ere Irlandarako bidea hartzeko moduan.

Suitzako laguna gogora ekarri dekenean egutegiari begiratu diot. Kattan, ez diat deprimitzerik nahi, baina datorren hilean beteko dira 20 urte alokairuzko Fiat txiki harekin Irlanda zeharkatu genuenetik. Uste diat Irlandan zehar kontsumitu genituen gasolina eta Guinness kopuruak antzekoak izan zirela, baina ederki pasa genuen. 
 
Gogoan ditut oraindik bidaia horretarako eraman nituen bi liburuak: Vladimir Arsenyev-en Dersu Uzala, eta Harkaitz Canoren Telefono kaiolatua. Dersu Uzala oraindik liburutegiko altxorren artean gordetzen dut, eta Canoren liburua… tira, badakik nire iritzia. 
 
Zorionez, liburu falta ez da arazo niretzat itxialdian. Bizimodu digitalaz aspertuta egon arren, badakik liburu elektronikoaren aldeko hautua aspaldi egin nuela, eta, hor, inoiz baino aukera zabalagoa dago une honetan. Muga bakarrarekin egin dut topo: komikiak botatzen ditut faltan. Badakit hauek ere formatu elektronikoan egon, badaudela, baina horretara ez naiz ohitzen. Nahiago ditut oraindik ere komiki totxoak, paperean. Nire liburutegi txikira joan naiz berrirakurketa bila, eta Art Spiegelman-en Maus atera dut apalategitik, hik aspaldi oparitutako Sin City-rekin batera. Hauekin kenduko dut tximua.
 
Tximuak aparte, itxialdi honetatik gauza onak ere atera ditzakegulakoan nago. Esaterako, atzo ikasi genuen kilometro bateko erradioan Zumaia oinez zeharkatu dezakegula. Jarraituko dugu autorik ez hartzen zubi txikia zeharkatzeko? Ikasitako gauza onei eusteko gai bagara, itxialdi honek zerbaiterako balio izango du.
 
Filosofatzen hasi nauk, baina arrazoia daukak: ez gaituk ez Hegel ez Shopenhauer, ezta Chevy Chase edo Bill Murray ere. Baina Apokalipsia oraindik iritsi ez denez hire gutunaren zain gelditzen naiz. Bitartean zaindu, eta utzi nire gustu (txar) musikala bakean!
 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide