Esperantzara kondenatuak

Erabiltzailearen aurpegia Josu Waliño 2020ko mai. 30a, 15:50

Aupa Kattan,
 
Bai gutun optimista hire azkena, arrosa kolorekoa (ironia mode on). Garai onetan ere nube negra xamarra haizela kontuan izanda ezin besterik espero, baina zoritxarrez arrazoi faltarik ez daukak oraingoan ere: panorama iluna dugu aurrean.

Izango da egoera bestela ikusiko duenik ere. Esaten den moduan, botila erdi hutsik ala erdi beteta ikus daiteke, biak aukeran. Uda giroa indartu orduko hik azaldutako tsunamiarekin antzik ez duen beste bat agertu zaigu hondartzetan: jende tsunamia. Anormaltasun berria hori izango da, birusaz erabat paso egin eta aurrera jarraitzea. Nik neuk ere hondartzatik idazten diat gutun hau,  eta ingurura begiratuta jendetza ikusten dut sonbrilla artean, azpeitiarrez hitz egiten duten gazte koadrilak  eta haurrak uretan jolasean. Egoera honek Spielbergen “Jaws” pelikulako eszena famatu bat gogorarazten dit, marrazoa existituko ez balitz bezala eginez jendea hondartzara joatera animatzen duten hori. Gure robota txaketa hortera bat jantzita pasieran ikustea bakarrik falta da hemen, errurik ez duen tiburoi txiki baten aurrean jarrita argazkiak ateratzen.
 
Pentsatzen jarrita, azken hilabeteen ibilbidea egin daiteke Spielbergen filmografia erabilita: faseen funtzionamendua azaldu zigutenean guztiok egin genuen “Encuentros en la tercera fase” txiste erraza. Bizimodu digitalean murgilduta bizi gara, lanerako zein eskolarako, “Ready player one” pelikulan bezala. Era guztietako poliziak ikusi ditugu “Minority Report” pelikularen antzera (orain ere Philip K. Dick gurean aipagai) askatasun osoz jokatzen, eta, hondartzetako panorama honek berdin jarraitzen badu “Saving private Ryan”-eko lehen eszena ikusiko dugu hondartzetan: txaperoak hondarretan atrintxeratuta hondartzako mugak babesten. Espero dezagun behintzat Jurassic Parken moduan ez amaitzea. Eskerrak Spielbergen filmek beti amaitzen dutela esperantzaren gorazarre eginez, begira diezaiogun beraz botilaren alde beteari.
 
Gai alaiagoetara pasaz, hire gutuna irakurrita ohartu naiz aurrekoan ez niala zerbait ongi azaldu. Nik ere ez nuen irakurzaletasuna institutuan garatu, han (adinagatik, zegoen materialagatik, edo biengatik) genero fantastikoaz maitemindu nintzela esan beharko nuke. Irakurzaletasuna, hire kasuan bezala, etxetik datorkit. Zortekoa izan nintzen, garai hartan gure ondoan andereño Terin bizi zelako. Hark irakatsi zidan irakurtzen laupabost urte nituela. Etxekoek kontatzen didatenez, txikitan hainbesteko lata ematen nuen etxean zeuden komiki eta ipuinak norbaitek irakurtzeko, amak desesperatuta ondoko bizilagunari eskatu ziola niri irakurtzen irakasteko, eta Terinek esan eta egin.
 
Memoria txarra dudan arren, oso oroitzapen onak ditut Terinekin pasatako denbora hartaz. Gainera, irakurtzen ikastea nahikoa opari izan ez balitz bezala, amaitzean oraindik altxor baten moduan gordetzen dudan liburua oparitu zidan Terinek: “Las aventuras del pequeño Nicolas”. Ez diot inoiz nahikoa eskertu egindako guztia, badoa hemen nire eskertza txikia!
 
Ikusten Kattan? Botila erdi hutsarekin hasi diat gutuna, eta konturatzerako alde beteari begira jarri nauk. Amaieran bada ere, mantendu dezagun esperantza, Spielbergek egiten duen modura! 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide