Baleike sortu genuenean lagun batek esan zidan errazena egin genuela. Bere ustez, zailena ez zen aldizkariaren proiektua diseinatzea, finantzazioa aurkitzea, lehen zenbaki hura argitaratzea… Zailena ondoren zetorren: aldizkariak irautea lortu behar genuen, hilero- hilero zenbaki bat argitaratu etenik gabe, proiektua denboran bizirik mantenduz.
Datorren urtean 30 urte beteko dira Baleike sortu genuela, eta urte hauetan guztietan proiektuak aurrera egitea lortu dugun arren, beti izan ditut gogoan bere hitzak, orduan harritu baninduen ere, lagunak arrazoi osoa zuelako. Denbora honetan urrats asko egin ditugu Baleikeren etorkizuna bermatzeko: Zumaiako Gazte Batzordearen babesa utzi eta Baleike Kultur Elkartea sortzea izan zen lehena, lantaldearen profesionalizazioan lehen urratsak etorri ziren ondoren, Internet eta digitalizazioaren aldeko apustua, etengabeko berrikuntza, eragileekin lankidetza eta kalitate irizpideetan sakontzea, eta, azken urteotan, lankidetzan oinarritutako hedabide proiektu sendo baten garapenaren aitzindaritza izan da azkena.
Esan daiteke, Baleiken ez diogula inoiz utzi proiektuaren bideragarritasuna bermatzearen alde lan egiteari, eta, hain justu, helburu horrekin sortu berri dugu GUKA estrategia. Gaur egungo hedabideen errealitate aldakorrean ezinbestekoa da apustu sakonak egitea gure proiektuaren etorkizuna bermatzeko. Horregatik, lehen urrats moduan UKT kooperatiba sortu genuen, eskualdeko gainerako hedabide eta elkarteekin elkarlanean gure proiektuei sendotasun profesionala emango zien kooperatiba eratuz. Orain, bigarren urratsa dator: eskualdeko hedabideak indartuko dituen marka berriaren aterpean etorkizunera begira jartzea: GUKA.
Baina GUKA marka huts bat baino askoz gehiago da: Zumaian Baleike indartu, bere bideragarritasuna bermatu eta ordezkatuko duen proiektua delako, baina, horrez gain, eskualdean ditugun tokiko euskarazko hedabideak elkarlanean jarri eta kalitatezko kazetaritza oinarri hartuta etorkizunera begira jarriko dituen tresna delako.
Baleike GUKA da, eta GUKA izango da Baleike. Jauzi berri honek bermatuko du betiko Baleike betirako izatea, marka berri baten txapela jantzita, baina berezko duen izaera mantenduz: berritzailea, tokikoa, zumaiarra, kalitatezkoa, askea, plurala. Eta ezaugarri horiei beste batzuk gehituko dizkiogu orain: lankidetza, eskualdea, bideragarritasuna, etorkizuna, sendotasuna…
Aldaketak GUKA izena du, baina izena aldatu arren, izanak berdin jarraituko du, zailtasun guztien gainetik, etorkizunera begira.