Denetariko emaitzak ligako laugarren jardunaldian

Denetariko emaitzak erdietsi dituzte Kbi xake klubeko taldeek Gipuzkoako xake ligako laugarren jardunaldian.

Garaipen, berdinketa eta porrot bana lortu dituzte Zumaiako Kbi xake klubeko taldeek Gipuzkoako xake ligako laugarren jardunaldian. 

Bigarren mailan jokatzen duen A taldeak Elgoibarren izan zuen hitzordua Berkoa Elgoibar taldearen aurka. Zumaiarrek 1 eta 3 emaitzarekin irabazi zuten. Oier Sarasketa, Xabier Aranzabal, Miguel Angel Aguado eta Ibon Ruiz izan ziren Kbiren ordezkariak jardunaldi honetan. 

Lau jardunaldi jokatuta multzoko lidergoan jarraitzen du Kbi A taldeak, 13 punturekin; bigarren den Bergarak baino bi puntu gehiago ditu. Datorren larunbatean, ligako bosgarren jardunaldian, multzoko hirugarren postuan dagoen Gros J hartuko du Zumaian.

Hirugarren mailan, berriz, Kbi B taldeak (Endika Ruiz, Ekain Garcia, Xuban Arrizabalaga eta Alaitz Irigoien) 0 eta 4 galdu zuen Andoaingo Agustin de Leiza B taldearen aurka; C taldeak (Oscar Aizpurua, Iñaki Arrieta, Valeria Baez eta Andde Arrieta), aldiz, bina berdindu zuen Irunen Bidasoa Xake E taldearen aurka. 

Jardunaldi honen ondoren, C taldea multzoko liderra da, 11 punturekin, eta B taldea bederatzigarrena 3 punturekin. Azken honek Txaturanga taldearen aurka jokatuko du datorren larunbatean, eta C taldeak atsedenaldia izango du. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide