Gipuzkoako xake ligako seigarren jardunaldia jokatu da pasa berri den asteburuan. Bigarren mailan dabilen taldeak eta hirugarren mailako bietako batek –besteak atsedena zuen– izan dituzte partidak, eta biak ere irabazle suertatu dira.
Bigarren mailako taldeak, Kbi A-k, Goierriren aurka jokatu du etxetik kanpo, eta 0,5-3,5 emaitzarekin irabazi du lehia. Oier Sarasketak, Fermin Laurobak, Ibon Ruizek eta Aitor Sarasketak jokatu dute Kbi A-ren izenean. Jardunaldi honen ondoren lidergoan jarraitzen du Zumaiako taldeak 20 punturekin. Sailkapeneko hirugarren postuan den Zaleak hartuko du datorren jardunaldian, etxean.
Hirugarren mailako Kbi C taldeak ere garaipena lortu du jardunaldi honetan. Billabona E izan du aurkari eta 4-0 emaitzarekin irabazi dio. Oscar Aizpurua, Iñaki Arrieta, Miguel Manterola eta Miguel Angel Aguado izan dira jokalariak. Garaipen honen ondoren, sailkapeneko hirugarren postuan dira zumaiarrak. Hurrengo jardunaldian Domusa Azpeitia B-ren aurka jokatuko dute.