Bigarren mailatik lehenengora igotzeko borrokan da Kbi Zumaiako xake klubeko A taldea. Pasa den asteburuan jokatu zuen play offeko bigarren jardunaldia, baita irabazi ere Beraun Bera B taldeari 3,5-0,5 emaitzarekin. Oier Sarasketa, Xabi Aranzabal, Fermin Lauroba eta David Rodriguez aritu ziren Kbi A-rekin jardunaldi honetan.
Play offeko bi jardunaldiren ondoren faseko lider de Kbi A Bidasoa Xake B taldearekin 11,5 puntutara berdinduta. Hirugarren den Bidasoa Xake C izango du aurkari datorren larunbatean jokatuko den jardunaldian.
Hirugarren mailari dagokionez, Kbi C-k bina berdindu zuen Agustin de Leiza B taldearen aurka. Oscar Aizpurua, Iñaki Arrieta, Miguel Manterola eta Miguel Angel Aguado aritu ziren C taldearekin jardunaldi honetan. Sailkapenean bigarren dira zumaiarrak eta ligazko azken jardunaldian Txaturanga liderraren aurka jokatuko dute. Mailaz igotzeko aukerak mantentzen ditu Kbiren C taldeak.
B taldeak, berriz, 3-1 galdu zuen sailkapeneko hirugarrena den Taularen aurka. Julen Perez, Adur Perez Xuban Arrizabalaga eta Alaitz Irigoien aritu ziren Zumaiako klubaren izenean. Bidasoa Xake E taldea hartuko du ligako azken jardunaldian.