Mailaz igo da Kbiren C taldea

Kbi C taldeko laukotea igoera lortu ondoren.

Hirugarren mailatik bigarrengora igo da Kbi xake klubaren C taldea ligako azken jardunaldian liderrari 1-3 emaitzarekin irabazi ondoren. Beste bi taldeek porrotak izan dituzte jardunaldi honetan. 

Aurten debuta egin duen Kbi xake klubeko C taldeak ezin hobeto amaitu du denboraldia. Izan ere, hirugarren mailatik bigarrengora igotzea lortu dute ligako azken jardunaldian, lider postuan amaitu duen Txaturangari haren etxean 1-3 emaitzarekin irabazi ondoren. Hala, Kbi C-k hirugarren amaitu du liga Txaturanga eta Taularen atzetik.

Azken jardunaldi honetan Oscar Aizpurua, Iñaki Arrieta, Miguel Angel Aguado eta Ibon Ruiz aritu dira Zumaiako taldearen izenean.

Klubeko beste bi taldeek porrotak izan dituzte jardunaldi honetan. Bigarren mailan lehiatzen ari den A taldeak 2,5-1,5 emaitzarekin galdu du Bidasoa Xake C taldearen aurka. Oier Sarasketa, Xabier Aranzabal, Fermin Lauroba eta David Rodriguez aritu dira taldea ordezkatzen. 

Hirugarren mailan, aldiz, Kbi B taldeak 0-4 emaitzarekin galdu du Bidasoa Xake E-ren aurka. Endika Ruiz, Asier Oliva, Xuban Arrizabalaga eta Alaitz Irigoien aritu dira ligako azken jardunaldian B taldearekin. Denboraldia amaitu dute harrobiko jokalari hauek. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide