Denboraldi ezin hobea izan da hau Kbi Zumaiako xake klubarentzako. Gipuzkoako xake ligan aurkeztu dituen hiru taldeetatik bik mailaz igotzea lortu dute. C taldeak duela hamabost egun lortu zuean hirugarren mailatik bigarrenera igotzea. A taldeak, berriz, pasa berri den larunbatean lortu du helburua.
Kbi-eren A taldeak puntu bakarra behar zuen mailaz igotzeko, eta esan daiteke aurkariak Zumaiara heldu aurretik helburua lortu zuela. Izan ere, Tamarindo B taldeko lau jokalarietatik hiru bakarrik agertu ziren Zumaiara, eta, ondorioz, jokatu ez zen irabazitzat eman zitzaion Kbi A-ri. Beste hiru jokalariek ere, Oier Sarasketak, Xabi Aranzabalek eta Fermin Laurobak, beraien partidak irabazi zituzten, eta 4-0 emaitzarekin gailendu ziren igoera faseko azken jardunaldian. 19,5 puntuetara berdinduta amaitu dute Bidasoa Xake B-k eta Kbi A-k liga.