Azaroaren 20tik abenduaren 4ra bitartean egingo da Euskaraldiaren bigarren edizioa. Denok dugu gogoan duela bi urtelehen edizioak izan zuen arrakasta. Zumaian bertan, ilarak eratu ziren euskararen alde ohiturak aldatzeko ahalegin handi hartan: ia 2.000 lagunek eman genuen izena herrian, 11 egunetan zehar belarriprest eta ahobizi izateko erronkari erantzuteko.
Zer da Euskaraldia, ordea? Euskaraz ulertzen dugun herritarren artean euskaraz egiteko ohitura handitzeko ariketa sozial eta partekatua da ekimen hau. Alegia, euskaraz hitz egiten dakiten guztien artean erdarara pasatzeko aitzakia alboratzeko ahalegin kolektibo handia! Dela gaztelaniaz hitz egiteko ohitura dugulako, dela ez dugulako erraztasun nahikorik, edota ulertu bai baina hitz egiteko zailtasunak sentitzen ditugulako…, aitzakiak alde batera utzi, eta 11 egunez, geuk hartutako erronkari eutsiz, baieztatu nahi dugu ohitura horiei itzulia ematea posible dela!
Aurtengo edizioan arreta berezia jarri zaio erakundeek parte har dezaten; izan ere, euskararen bizitasuna ez dago soilik gutako bakoitzaren esku! Norbanakoaz gain, taldeek ere ardura soziala daukate, baita euskararekiko ere, izan lantegi handi eta txiki, enpresa pribatu zein publiko, izan kiroleko, kulturako edo aisialdiko elkarte.... Eta haiei egin diegu dei parte har dezaten. Horretarako, konpromisoa hartu dute gutxienez euskaraz aritzeko gune bat eskain dezaketela ziurtatzeko, erakunde horietan sortu eta sendotu behar diren ariguneen bitartez. Zumaian 100 erakundek baino gehiagok eman dute izena parte hartzeko. Ez da makala ahalegina, baina ez genuen gutxiago espero gure herrian!
Baina are gehiago behar da! Egoera berezi honetan, ez da erraza ohiko komunikazio-moduei eustea, baina ez ditugu ahalegin sozialak alde batera utzi nahi. Ez dugu aukerarik izango nahi genituzkeen ekimen guztiak aurrera eramateko, baina Larrainako kideak kalean izango gara datozen asteburuetan Euskaraldian parte hartzera aniumatzeko jende guztia, elkarteekin batera norbanakoek ere izena eman eta ahalik eta jende gehienak gero eta gehiago gehiagorekin euskaraz ari gaitezen gonbidatzeko.
Lehen edizioan parte hartu genuenok jaso dugu gonbidapen pertsonalizatua horretarako, eta gainerakoentzat aukera zabalik dago jada bide hauetan:
izenematea.euskaraldia.eus helbidean
Asteburutan jarriko ditugun mahaietan.