Guraso gazteek aspaldi erakutsi dute seme-alabak euskaraz hezi nahi dituztela, eta ez soilik gurea bezalako herri euskaldunetan, baita euskararentzat inguru zailagoa dutenetan ere! Ia-ia arau soziala bihurtu da hala egitea, bai etxean, bai kalean. Hori egiaztatu dute, behintzat, azken urteotan egindako ikerketek. Oso albiste ona euskaldunontzat, zalantzarik gabe.
Baina, aldi berean, nahikoa ohikoa da haurrei euskaraz egitearekin batera helduok geure artean erdaraz aritzea; dela harreman ohituragatik, dela inguruak hala eragiten duelako, izan frantsesa zein gaztelania, gutako asko erdaraz aritzen gara natural asko, haurrei euskaraz egin eta egiteko esanez; a zer marka! Eta hala gertatzen da Euskal Herriko hainbat lekutan; gertakari zabalduegia, alajaina, sarri ia oharkabean pasatzen dena.
Jokaera horrek haurrengan duen eragina begi bistakoa da. Erreferenteekin, irudiarekin… eta erabiltzeko arauekin ikasten dute umeek euskara, ezta? Azkar nabaritzen dute noiz, non eta norekin hitz egin behar duten, euren ereduko helduoi jarraikiz. Eta berehala nabarmenduko dute gai “serioetarako” “egokiagoa” dela gaztelaniaz aritzea: ereduak beti eredu (geroxeago helduko dira, hain zuzen, arau horiei aurre edo kontra egiteko joerak).
Horrela, bada, Euskal Herriko beste ia 100 udalerritan bezala, Zumaian ere ekimen partekatua proposatu nahi dugu haurrekin gaudenean euskaraz aritzeko. Ariketa sinplea bezain eraginkorra irudikatu dugu: haurren aurren helduok heldu ekimenarekin bat eginez, Zumaian, haurrek jolaserako, lagun artean aritzeko, sozializatzeko eta oro har komunikatzeko erabiltzen dituzten espazio jakinak identifikatu ditugu, eta horietan erakusgarriak jarri ditugu: Amaiako plazan, Beheko plazan, Ondartxo plazan, Musika Eskolaren inguruan, osasun etxeko parkean, Puntanuetan, Ardantzabiden… Horietan ikusiko dituzue ekimenean parte hartzeko gonbidapenak.
Azaroaren 22tik abenduaren 3ra bitartean, eskaera egin nahi dizuegu ekimen erraz bezain eraginkor honetan parte hartzeko, bai gurasoei, baita gainerako heldu guztiei ere (senideak, begiraleak eta lagunak). Parte hartzea erraza da, eta soilik galdera hauei erantzun beharko diegu: norekin indartu beharko nuke nik nire euskararen jarduna? Bikotekidearekin? Senideekin? Lagunekin? Beste haurren gurasoekin? Galdera horiei erantzuna ematen hastea nahikoa izango da haurren aurrean helduok euskarari heltzeko. Denbora tarte honetan, erronka da hizkuntza erabileraren kontzientzia piztea, eta euskarari eustea, lehen hitza euskaraz eginez, eta, batez ere, elkarrizketan eutsiz. Izan ere, haurren aurrean egiteko ariketa proposatzen dugu, baina aldaketa nabarmenena atzean izango da, norberak bere buruarekin egin beharrekoa; “Aurreak erakusten du nola dantzatu atzea”, dio esaerak…
Hurrengo urratsa ere interesgarria izan daiteke, alegia, inguruko lagunei ekimen honen berri eman eta Euskal Herriko ia ehun udalerritan aldi berean egiten ari garena kontatzea, partekatzea, gonbidatzea. Horrek berak egiten dugunaren zentzua biderkatuko du eta emaitza are gehiago sendotuko du. Akaso, geure artean ere, ariketa honek eragina izan dezake, kontzienteago egingo gaituelako.
Beraz, animo eta parte hartu!
Larraina Zumaiako euskara taldea