Bi mahai inguru, aurkezpen bat eta zine emanaldi bat izango dira aurten, Larraina euskara elkarteak eta Zumaiako Udalak elkarlanean antolatuta. Parte hartzera gonbidatu nahi zaituztegu!
Hona hemen programazio xehatua:
Otsailak 26, 18:30. Oxford aretoa (Alondegia). Euskararen lekua osasungintzan
Askotan izaten dira mintzagai osasuna eta euskara, sarritan paziente euskaldunen eskubideak edo aukerak mintzagai. Mediku ona eta euskalduna izan daiteke, eta osasungintza barrutik eta ondo ezagutzen duten bi mediku elkartuko ditugu hitz egiteko, biak ere Osakidetzakoak: Felix Zubia eta Ruth Salaberria. Ana Galarraga (Elhuyar) izango da bideratzailea.
Martxoak 12, 18:30. Oxford aretoa (Alondegia). Euskal hedabideak eta itzulpengintza automatikoa
Aurrerapenak berekin dakar aldaketa, eta oso denbora gutxian Adimen Artifiziala eta itzulpen automatikoa dena aldatzen ari dira. Aukera berri ugari sortu dira dagoeneko, eta etorkizunean are gehiago sortuko dira, baina horiekin batera arriskuak eta kezkak ere sortu dira, eta ez txikiak, gainera. Horretaz hitz egiteko elkartuko ditugu Irene Arrarats (Berria), Iban Arantzabal (Goiena komunikazio taldea) eta Gorka Zabaleta (Guka-Zumaia).
Martxoak 26, 18:30. Oxford aretoa (Alondegia). Euskararen aroa Zumaian. Datozen 10 urteetarako gakoak
Zumaiako Udalaren ekimenez, duela aste batzuk etorkizunera eta euskarari begira jarri ginen zumaiarrok, AROA Plan Estrategikoa lantzeko, eta emaitza aurkeztuko digute Ahize-AEKko Ainhoa Bagliettok eta Araitz Muguruzak.
Apirilak 9, 19:00. Aita Mari zinema aretoa. LABURBIRA. Euskarazko film laburren XXII. Zirkuitoa, eta solasaldia
Askotariko lanak ikus daitezke 2025eko Laburbiran, guztiak ere egungo euskal zinemagintzaren lagin apartak eta Europa osoko zinema festibaletan ibilbide arrakastatsua egindakoak. Zortzi film izango dira:
- Prosopagnosia (Ekain Martinez de Lizardui).
- Plazer Bat (Sonia Estevez).
- Betiko Gaua (Eneko Sagardoi).
- Europa (Ekain Irigoien).
- Pentsatzen dut (Alaia Martin, Karmele Mitxelena eta Iraitz Mateo).
- Hor Konpon (Jone Arriola).
- Goodbay Kepler (Nerea Ayala).
- Utlandsk (Alba Lozano).
Filmak ikusi ondoren, solasaldia izango da zuzendarietako batekin.