Zumaiako merkataritza-ostalaritzan euskara

Erabiltzailearen aurpegia Larraina Euskara Elkartea 2025eko azaroaren 28a

Erribera kalea. (Guka)

Larraina Euskara Elkarteak Zumaiako dendetako eta tabernetako hizkuntza-paisaia aztertu du, eta ondorio nagusi hau atera: oro har hartuta, euskara ez da nagusi gure herrian, euskarak eta gaztelaniak antzeko presentzia daukate, eta, gainera, alderdi batzuetan, nabarmena da gaztelaniaren nagusitasuna.

Zumaian euskaraz bizi ahal izateko lagungarria delakoan, Larrainak beti erreparatu izan dio herriko merkataritzan eta ostalaritzan euskarak duen presentziari, eta oraingoan erronka handi bat ezarri genion geure buruari: herriko dendak eta tabernak ikuskatzea eta egiaztatzea euskara zenbateraino zen nagusi edo zenbateraino zegoen presente hizkuntza-paisaian. Hain zuzen ere, idatziz daudenak aztertu ditugu: izena, izana (zer den adierazten duena), kanpoaldeko kartelak eta barrualdeko errotuluak, esku-orriak, arbelak, oharrak, bezeroari ematen zaion erosketa-tiketa…

Egindako lan mardul eta oparotik, hauek nabarmendu nahi ditugu:

1. Euskarak eta gaztelaniak antzeko presentzia daukate hizkuntza-paisaian, erdia eta erdia, ez daukate nagusitasunik ez batak eta ez besteak. Euskara da nagusi % 36,8an eta gaztelania % 37,9an, eta biak berdin % 25,3an.

2. Establezimenduen izenak eta izanak (zer den: taberna, okindegia, arropa-denda…) euskaraz gehiago dira: euskaraz izena % 73k, eta izana % 68k. Hori oso garrantzitsua da, balio sinboliko handia duelako, adierazten duelako euskaraz propio izendatzeko eta nabarmentzeko borondatea.


3. Baina aztertutako gainerako alderdi guztietan (barnealdean eta kanpoaldean agerian dagoen hizkuntzan), gaztelania da nagusi, euskara gutxiago erabiltzen da, eta horietako batzuetan oso nabarmen; adibidez, erosketa-tiketetan (% 72 gaztelaniaz) eta webguneetan (% 57 gaztelaniaz).


4. Sektoreka, ostalaritzan dauka euskarak presentzia handiena eta arropa-dendetan txikiena.

Zorionez, egiaztatu ahal izan dugunez, gurean badaude euskararen presentzia eta erabilera propio zaintzen dutenak, euskarari lehentasuna ematen dieten dendak eta

tabernak, eta bereziki txalotu nahi dugu horien ahalegina, baita animatu gainerakoak ere berdin jokatzera.

Etorkizunera begira, uste dugu badagoela zer egina eta hobetua, eta bide horretan elkarlanean aritu beharko dugula denok, Zumaian euskaraz bizi nahian:

Zumaiako Udalak eragile izaten jarraitu (dirulaguntzak errotuluak euskaraz jartzeko, testuak itzultzeko, euskara ikasteko…), indarrean dagoen legedia betearazteko (adibidez, terrazena)…

Merkatariak eta tabernariak dagokien arduraz kontzientziatu eta abantailak ikusi (euskara bereizgarria da negoziorako eta tokian errotzeko edo bat egiteko balio du), euskararen presentzia bermatu eta lehenetsi, laguntzez baliatu eta erabili…

Zumaiarrok euskararen presentzia eskatu, guri dagokigun arduraz kontzientziatu…

Berez, aurrerapen esanguratsuak egitea, ohiturak aldatzea baino errazagoa da, eta badaukagu zer hobetua. Gurean euskara nagusi izatea nahi dugu, eta lortuko ahal dugu.

Ondo bidean, datorren urtean berriz ere egingo dugu ikuskapena, eta ea badaukagun aurrerabiderik.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide