Nerea Iglesias eta Marixi Sesma irrintziaren inguruan mintzatuko dira asteazkenean Oxford aretoan, eta Euskara, bestela ez gara zikloaren baitako bigarren hitzaldia iragartzeko spota kaleratu du Larraina euskara elkarteak. Irrintziaren eta euskarazko komunitatearen garapen artistikoaren arteko loturaz ariko dira bi adituak 18:30ean hasiko den saioan.
Bestalde, Garikoitz Goikoetxeak eskainiko du Euskara, bestela ez gara zikloaren azkenengo hitzaldia, martxoaren 11n. Iñaki Iurrebasorekin idatzi berri duen Esnatu ala hil liburuaren bueltan hitz egingo du euskara teknikariak, eta euskarak gaur egun bizi duen egoera azaltzeaz gain, etorkizunerako gakoak aletuko ditu.
Iaz bezala, Laburbira euskarazko film laburren zirkuitu ibiltariak geldialdia egingo du Zumaian. Martxoaren 18an zazpi film labur eskainiko dituzte Aita Mari aretoan, 19:00etan, eta emanaldi horrek itxiko du euskararen inguruan hausnartzea helburu zuen zikloa.