Bagara, baina ez dakigu oso ondo nor. Bagaude, baina ez dakigu oso ondo non. Bagoaz, baina ez dakigu oso ondo nora. Abiapuntu horretatik, Epeldek gure egunerokotasunari begiratzen dio: bizitzaren abiadura, zoriontasunaren bilaketa, naturarekiko deskonexioa, maskulinitatea eta euskara jartzen ditu oholtzan. Umoretik eta autokritikatik, galdera handietara egiten du jauzi.
Zerbait sartu zait begian ez da ohiko antzezlan bat, ezta kontzertu edo bakarrizketa soil bat ere. Spoken word-a, musika eta irudia uztartzen dituen ikuskizuna da, barre egiteko tarteak eta hunkidurari leku egitekoak dituena. Euskarazko ahozkotasun garaikidearen proposamen bat da, publikoa entretenitzeaz gain pentsatzen jartzea ere bilatzen duena.
Imanol Epelde idazlea, performerra eta euskarazko eduki-sortzailea da. ARGIAn artikuluak idatzi izan ditu, ETBko Biba Zuek saioan kolaboratu izan du eta Euskadi Irratian Tanke bat kafesnean audio-tartea egiten du. Zerbait sartu zait begian 2026ko urtarrilean estreinatu zuen Ajangizen.
|