7. Ze berri? buletina: eskolaz kanpoko ekintzak, elikadura, pantailen erabilera, Euskaraldia...

Erabiltzailearen aurpegia Lubaki Guraso Elkartea 2022ko urr. 14a, 13:10

Aste batzuk pasa dira ikasturtea hasi zenetik eta Lubaki Guraso Elkartearen bidez antolatzen diren jarduera batzuk martxan dira dagoeneko. Ikasturtean buru belarri sartuta gaude guztiok, batzuk HHko egokitzapen aldia amaituta, beste batzuk pixkanaka gainditzen, eskolaz kanpoko ekintzak martxan dira eta eskola kirola bidean hasita… COVID-19aren inguruko neurri gehienak bertan behera geratu direnez, ekintzak eta harremanak errazago bideratuko ditugu aurten.

ESKOLAZ KANPOKO EKINTZAK HASITA

Urriaren 1etik aurrera eskolaz kanpoko ekintzak bueltan dira. Aurten, gainera, bi urteren ondoren, Play Training saioak martxan hasiko dira berriz ere. Izena emateko epea irailaren 18an amaitu bazen ere, ikasturte osoan aukera dago zuen alaba-semeak apuntatzeko mekanografian, robotikan, zaintzan, psikomotrizitatean edo play training-en. Horretarako lgeekintzak@gmail.com helbidera bidali behar da eskaria.

FAMILIAK, ESKOLA ETA ELIKADURA. ZER JAN HURA IZAN

Jaten duguna garela esaten dute, eta hori hala izanik, berebiziko garrantzia du egoki jateak. Egunero jaten dugu, beharrezkoa dugu burua eta gorputza osasuntsu izateko, baina ba al dakizu zer ari garen ahora eramaten? Nola elikatzen gara? Sarritan ez diogu behar adina kasu egiten.

Eskolan eta etxean eredu osasungarriak bultzatu behar ditugu, ohitura egokiak sortuz. Eredu osasungarri horiek bultzatzea animatzen zaituztegu, hamaiketakoa egiteko sasoiko fruta gehiago eramanez, etxean garaian garaiko elikagai gehiago erabiliz eta ultraprozesatuak alde batera utziz, adibidez.

Guraso elkarteko kideok ere lanean jarraituko dugu bide honetatik. Jaten duguna gara!

EUSKARALDIA

Euskara taldetik Egunean Behin jokoan parte hartzera animatu gintuzten iaz, Lubaki Guraso Elkartea taldera batzeko gonbitearekin batera. Aurten EUSKARALDIA laster ospatuko dela azpimarratu nahi dute. Ari dira Euskaraldia Herri Eskola osatzen dugunon artean zabaltzeko ideiak garatzen eta laster horien berri emango dizuegu.

PANTAILEN ERABILERA

Mugikorra, tableta, ordenagailua, bideo-kontsola, telebista… Zenbat denbora ematen dute alaba-semeek pantailei begira? Eta gurasook ere zenbat?

Gaia lantzeko ikasturte hasieran Miren Ros hezitzailearen solasaldia izan genuen, LH3 arteko gurasoontzat. Aurreko ikasturtean ere pantailen erabileraz pentsatzen hasteko erronka batzuk izan genituen, baita Miren Rosekin lehenengo solasaldi ireki bat ere. Hasitako bideari jarraipena emateko gogotsu gabiltza eta guraso guztiok gonbidatzen zaituztegu gai  korapilatsu bezain garrantzitsu honi buruz hausnartzera.

 

GURASO ELKARTEAN PARTE HARZEKO DEIA

Duela gutxi eskolako familia guztietara iritsi da guraso elkarteko ordezkari berriak aukeratzeko deia. Bi urtean behin egiten den prozesuan gelako ordezkaria hautatzeaz gain, Guraso Elkartean parte hartzeko borondatea duen eskolako guraso orok du aukera. Guraso elkartea irekita dago parte hartu nahi duen guraso guztiei, horretarako errazena da lubakigurasoelkarteazumaia@gmail.com helbidera mezua bidaltzea edo gelako ordezkariari zuzenean komentatzea .

Guraso elkartean, gaur egun, ondorengo lan taldeak daude martxan: Jangela, Eskola kirola, Komunikazioa, Eskolaz kanpoko ekintzak, Eskola bideak, Pantailen erabilera, Festak, Euskara, Jolastokia, Koordinazioa eta Kontabilitatea.

 

Informazio gehiago nahi izanez gero webgunean daukazue: https://zumaialhi.hezkuntza.net/eu/guraso-elkartea

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide