Hezkuntza, hurbilenen bizi dudan esparrua, ez da salbuespena izan. Haurrak etxean geratu beharrak agerian utzi ditu ordurako askori nabarmen zitzaizkigun hobetu beharrekoak: arrakala digitala; etxe askotan ikasketa prozesuan babesa emateko zailtasunak; konpetentziak denon ahotan egon arren edukietan oinarritzen den sistemaren konstatazioa; presentzialaren garrantzia, batez ere Haur eta Lehen Hezkuntzan; gelako testuinguruaz aparte hezkuntza lantzeko baliabide gabezia; egoerara egokitzeko irakasleak bakarkako lan isolatuan jardutearen zentzugabekeria; testuinguru berrian ikasleen jarduna ebaluatzeko zailtasunak; azterketa konbentzionalen gehiegizko dependentzia; prozesuan hainbat eta hainbat ikasle atzean geratzeko arriskua, batez ere zailtasun gehien eta motibazio eta babes gutxien dutenen artean…
Bost hilabete pasa dira Koronabirusaren ondorioz etxean itxita gelditu ginenetik eta jadanik ikasturte berriari hasiera eman diogu. Hego Euskal Herriko hezkuntza komunitatean hausnarketak, bilerak, aldarrikapenak, protestak, inbertsioen iragarpena etab. etengabekoak izan dira. Izugarrizko energia eta dirutza gastatuko ditugu ikasturte hasiera hau prestatzen eta esango nuke goian aipatu ditudan puntu horietatik bat ere ez dugula konpondu. Are gehiago, segurtasunaren izenean eskolara bueltan ikasketa prozesu sano eta eraginkorrak lantzeko askoz ere baldintza okerragoetan izango garela esatea ez dirudi esajerazioa. Azken finean hori egin baita, une honetan osasungintzatik datozen gomendioak (aldakorrak beti eta tarteka kontraesankorrak) bete, haratago joan gabe, gero anabasa etorriz gero ez diezagutela esan ez ditugula neurri profilaktiko guztiak hartu. Horrekin pozik.
Bost hilabete pasa dira Koronabirusaren ondorioz etxean gelditu ginenetik eta osasun neurriez haratago geletan eta etxeetan sortuko diren gabezi pedagogiko eta emozionalei erantzun gabe gaude. Errazena kritikatzea denez, tarte hau esparru pedagogiko-emozionalean estrategia integrala marrazten lagunduko ligukeen abiapuntu bat plazaratzeko aprobetxatu nahi dut: Ikasketa zerbitzua. Ez da bakarra, asko daude, ez gara ezer berririk asmatzen ari, baina zerbaitetik abiatu behar baldin badugu, hauxe da nire proposamena. Eskolak bere inguruko komunitateari zerbitzu emanaz haur eta gazteak inplikatzen dira, ikasketa zerbitzuari esker, eta helburu nagusietakoa du horren bidez ikasketa eredu eraginkorragoak abian jarri. Win-win. Prozesu horretan gizartean behar gehien dutenek, eskolak eta ikasleek irabazten dute ahalegin soil baten inguruan. Gure hezkuntza sistema etorkizunera begira jartzeaz gain, tankera honetako filosofia pedagogikoaren aldeko apustua argi izango bagenu osasungintzatik planteatutako edozein eszenatokira koherentzia eta eraginkortasun handiagoz egokitzeko aukera gehiago izango genituzke. Esate baterako, presentzial zein online, gela barruan edo kanpoan, bakarka zein taldetan eta abar funtzionatzeko eskuak askeago izango genituzke, egoera desberdinetan ipar metodologiko bera izango genukeelako, egoeraren arabera lemari alde batera eta bestera astinduak ematen ibili beharrean.
Garaiko pentsamoldea hankaz gora jarri zuen Arkimedesen hitzak egokituz: emaiguzue plan bat eta mundua mugituko dugu.