ESKERRIK ASKO GUZTIOI!
Handia izan zen igandekoa. M7a iritsi zen eta eguraldia ere alde izan genuen. Guztia nahi bezala irten zedin lan handia egin genuen, aurretik eta egun bertan. Lan handia ekipo erraldoi batean, auzolanean. Ehun lagunetik gora aritu ginen modu batera edo bestera M7a egun ederra izan zedin.
2.791 lagun hurbildu ziren bozkatzera (16 urtetik gorako zumaiarren %34,3a). Hauetatik 2.687k baiezkoa bozkatu zuten, 68k ezezkoa, 15ek zurian bozkatu zuten eta 21en bozka baliogabea izan zen. Urola Kosta osoan ere bozketa egin zen (Orio, Zarautz, Getaria, Zumaia, Zestoa, Aizarnazabal, Azkoitia eta Errezil) eta guztira 15.198 lagunek eman zuten beren bozka (%31.3).
Igandean ehun lagunetik gora aritu ziren bozka-guneak prestatzen eta apaintzen, festa dinamizatzen, otorduak ematen, bozka-mahaietan bozkak jasotzen, egin beharrekoak koordinatzen, aholku juridiko eta teknikoak ematen, gainbegiratzen, informatzen eta guztia ongi atera zedin lanean. Festa giroa sortzen ibili zenik ere izan zen: musikariak (dultzaineroak, trikitilariak, Rodeo taldea, AGE taldea), pilotariak (…), bertsolariak (Olalde, Danel Olano eta Jon Maia), plaza dantzak gidatzen Jone, erronkan parte hartu zuten kirolariak, Zumba dantzan gidari lanetan aritu zirenak, tatuajeen erakusketa atontzen aritu zirenak, haurren txokoa antolatu zuten Txiribueltako lagunak eta antolatutako ekintza guztietan parte hartu zuten ehunka lagun.
Egun hau antolatu ahal izateko aurrez egindako lana handia izan da, eta horretan ere talde handi bat aritu da astero-astero eginbeharrekoak aurrera ateratzen atzera eta aurrera: kartelak egin, jarri eta kentzen, Erribera kalean mahaian informazioa eta materiala banatzen, etxez etxe boto-paperak eta informazioa zabaltzen, jendearekin harremanetan, taldeak antolatzen, alderdi tekniko eta juridikoa ondo lotzen, eta beste hainbat eta hainbat eginkizunetan. Hau guztia ez zen posible izango lanean gurekin batera giza talde handi bat aritu izan ez balitz.
Zumaiar anonimo asko aritu da lanean, beren denbora, energia eta ilusioa M7a ondo atera zedin eskainiz, emozioz, borondatez eta esperantzaz. Baina anonimo hauekin batera baditugu bereziki eskertu nahi ditugun zenbait lagun. Brakari eskerrik asko, Ontziraturen abestia sortu eta grabatu zuelako; herriko sei artistari (Aran Santamaria, Keixeta, Ander Hormazuri, Iñaki Olazabal, Olatz Goiburu eta Dani Carballo) beren artelan bat Ontziraturi eskaini eta hauen salmentarekin ateratako diruaz eta beste hainbatek emandako diru laguntzari esker proiektua aurrera atera ahal izan dugulako (baita Kabi tabernari ere, artelan hauek bertan baitaude erakusgai); Zumaiako tabernari eta merkatariei, beren ekarpen ekonomikoa ere ezinbestekoa izan baita; Robertori, kartelak eta egunkaritxoa irribarrea galdu gabe egin dituelako; hain beharrezkoa izan dugun lokala utzi digun Ostolazari; eta hemen aipatu ez ditugun baina laguntzeko prest egon den hainbat eta hainbat laguni. Gure eskerrik zintzoena guzti-guztioi.
Eskertzarekin batera egin duguna ospatu nahi dugu, eta hori dela eta, ekainaren 2an, ostirala, afaritxo baten bueltan elkartuko gara lanean parte hartu dugun guztiok, merezi dugulako. Afaria 15euroko menu bat izango da Talaia jatetxean. Bertan izena eman nahi duenak 650643421 telefonora deitu edota mezu bat bidali behar du. Orain arte gurekin batera bidea egin duzu eta orain zurekin momentu hau elkarbanatu nahi dugu, animatu zaitez!!
Zumaiako herri galdeketa burutu dugu, baina bideak aurrera jarraitzen du. Erabakitze eskubidea leku guztietara zabaldu behar dugu eta hurrengo erronka hiriburuetara iristea izango da. Hori aldarrikatzeko EKAINAREN 10ean ekimen erraldoi bat egingo da BILBON. Jada bertara joateko bonoak banatzen hasiak gara, eta berriro ere kalean topatuko gaituzue, indartuta, erabakitze eskubidearen alde tinko eta esperantzaz beteta, Bilboko kaleetan aldarri honekin jarraitzeko: herri bat gara, erabakitzeko eskubidea dugu, herritarron garaia da. Zumaiarrok ere Bilbon izango gara!!