Gizateria bere muga etikoen aurrean

Erabiltzailearen aurpegia Telmo Lazkano

Iraileko Zumaia Guka aldizkarian argitaratutako edukia da honakoa.

Duela gutxi, Madrilen, ateak itxita egiten den nazioarteko foro batean parte hartzeko pribilegioa izan nuen. Foro horretan, munduko pertsona boteretsuenetako batek esandakoak eragin handia izan zuen nigan, eta zuekin partekatzeko beharra ikusi dut. Film distopiko baten antza du, baina nork esan zuen kontuan hartuta, zin dagit zazpigarren artearen parte izatetik oso urrun dagoela. Uki daitekeen errealitate batez hitz egin zuen.

Milaka milioi urtetan, lurreko bizitzak bi lege gupidagabe izan ditu gidari: mutazio genetikoen zoria eta bizirik nork irauten zuen agintzen zuen hautespen natural basatia. Denboraren eta biologiaren seme-alabak ginen, nolabait esateko. Gaur, ordea, gizateriak puskatu egin du karta sorta hori. Historian lehen aldiz, edizio genetikoari eta adimen artifizialaren bultzada esponentzialari esker, Homo Sapiensa bere burua birdiseinatzeko atarian dago. Elkar ulertzeko, jada ez dugu itxaron beharrik naturak gure norabidea erabaki arte; teknologia daukagu gure bilakaera pilotatzeko ustez "handiagoa" den zerbaitera. Bestela esanda, transhumanizazioan murgiltzeko: umetoki artifizialetan umeak "fabrikatzeko" gaitasun teknikoa lortu dute dagoeneko. 

"Eboluzio jauzi" horren benetako arriskua, ordea, ez datza zientzian, haren etika faltan eta abiaduraren kontrol ezean baizik. Izan ere, metamorfosi hori ez da adosten ari nazioarteko bake eta jakinduria humanitate foro batean. Silicon Valleyko kapitalismo teknologikoaren, Beijingo estatu kontrolaren eta puntako korporazio pribatuen anbizioaren arteko lasterketa frenetiko inertzialean ari dira erabakitzen. Errealitate horren aurrean, hizlariak garbi zioen: balio negoziaezinen zoru komuna definitzera gelditzen ez bagara, gure espeziearen etorkizuna ez du arrazoimenak eta ongi komunak gidatuko, lehia basatiaren inertzia hutsak baizik, ondorioak kontuan hartu gabe.Bere lehen eskuko testigantza bereziki interesgarria bihurtu zen; ondorengoa ekarri zuenean gogora: historia biologikoak erakusten digu espezie berri bat nagusitzen denean aurrekoa baztertuta geratzen dela edo desagertu egiten dela. Merkatu "askeari" hobekuntza genetiko eta intelektualak nork sortzen eta eskuratzen dituen erabakitzen uzten badiogu, arrakala soziala biologikoa bihurtuko da. Eszenatoki horretan, beti gertatu den bezala, lehenengo sakrifikatuak ahulenak izango dira, bigarren mailako hiritar gisa zokoratuak, edo desagertuak.

Errealitate horren aurrean, hizlariak, bere eurozentrismotik, hauxe plazaratu zuen: zer geratzen zaigu orduan? Estatu Batuen finantza muskuluaren eta Txinaren hedapenaren aurrean, Europak ez du lasterketa hori gidatzeko abiadurarik. Gure kontinenteak mahukapean duen karta bakarra jokatu behar du: memoria historikoa. Europak odolez ordaindu ditu iraganeko esperimentu sozialak; gure egitekoa ez da indarrean lehiatzea, etikaren buru izatea baizik. Garapen teknologikoari giza mugak ezarriko dizkion bloke batua izan behar dugu berandu izan baino lehen.

Tamalez, horrela amaitu zen jardunaldia. Baita nire gaurko testua ere. Sentitzen dut argi izpi gehiagorekin amaitu ez izana, baina hauxe da gaur-gaurkoz duguna. Teknologiak aurrera egin behar du, baina etikaren iparrorratza behar du. Premiazkoa dugu loaldi digitaletik esnatzea, gizadiaren etorkizuna duintasunik gabeko laborategietan kozinatzen amaitu aurretik. 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide