Tabernako jabeak behartutako irri erauztezin hori neraman egun horietako bat, harraska bete limoi zati eta egun erdiko eguzkiaren beroa bazkalosteko siesta beharraren nekearekin homogeneizatua. Ordu laurdena segundoka konta nezakeen, eskerrak betiko Xantiren, Joxeren eta Angelen jardun mundu gabeak nagusiaren bizkar jarritako haize egokituak eramaten zituen. Ruper Ordorikaren abesti galduak ahapetik kantuka nenbilen ontzi garbigailutik atera berri nuen beirazko kopa hoztu bitartean, Angelek Campo Viejo ardo mitikoa nostalgiarekin eta herri harrotasunarekin tenperatura egokian edan dezan.
Ez dakit hil amaiera edo emazteak bazkaria egiteari boikot egitea izan ote zen, baina eguna gero eta sendoagoa izaten ari zen beraien Reig eztarrientzat. Hala ere, nire soa alde batera uztea erabaki nuen beraien kontuak entzuteko: "Hi, enteau altzeazte auzoko pakistaniyak beste lokal bat ireki ber dikela? Kalea atea ta lautik hiru kanpotarrenakttuk! Etziok ze esateik... Martxa hontan segiezkeo herri gabe geaukoattuk!". Hara! Norbere herrimina ardoaren jatorri izendapenarekin orekatzen dutenen epaia. En pin. Nor dugu herriko eta nor begiko?