Alegia, nik nire haurtzaro eta gaztaro guztian jaso nuen mezua hauxe izan zen: “Ikasten dekena heuretzat izango dek; bestela, badakik, kamio azpikaldean baziok lana nahikua batzan”. Ba ote motibazio enpirikoagorik ikasteko? Halaxe egin (ge)nuen, eta iritsi unibertsitatera, bihurtu urbanita, eta kosmopolita, altermundista, hippy izaten hasi eta pijotuta bukatu, eusnob eta bascool jatorrena nintzela sinesteraino. Eta hara orain, bueltan-bueltan, urteen buruan, gutxien espero zenak heldu ez dio, ba, berriz baratzeko lanari.
Hala ere, hileko jornala oso neketsua ez den lanbide batek segurtatzen dizunean, baratzeko lanak beste dimentsio bat hartzen du. Ez da ezinbestekoa, aukera bat da, entretenitzeko, norbere jatorduak osasungarriago egiteko, eta hankak lurrera jaisteko (burua ere berekin ekarriko duten esperantzan). Itxialdi pandemikoan, gurasosaben zaintzarekin baserria lotura eta, aldi berean, ihesbide gisa bizi izan nuen. Arnastoki, haizeleku, oi lur, oi lur, oi ene lur nerea!
Horrelaxe, asteak joan eta hilabeteak etorri, neuk hartu nuen baratzeko gidaritza, ia-ia interes bakar bihurtzeraino egun askotan. Eta gogoratu naiz Epikurorekin, Filosofiako klasetan eman genuen pentsalari estoiko hark Atenasko baratzetik zabaldu zuen ikuspegiarekin: “oinazea saihestu, adiskidantza landu, plazerez neurrian gozatu, bizimodu publikotik alde egin eta heriotzaren eta jainkoen beldur guztiak uxatu”. Ez al du iazko urtean buruan ibili ditugun kezkak ederki laburbiltzen?
Kontua da, ordea, jainko zaharrak ahaztu bezain pronto, berriek liluratzen gaituztela eta, neroni behintzat, aspalditxoan Instagrameko erakusleihoan txit eta pit nabilela, noiz jasoko bedeinkazio bat edo noiz hostia bat, bihotz gorriak zenbatzeak ematen duen lotaratu aurreko azken igurtzi horren bila. Baratzeko kontuak @zozomikote_land izeneko kanalean kontatzen hasi naiz, postureo berdea praktikatuz. Nekea zen hura plazer iturri bihurtu nahi nuke, neure ganbararen oreka galdu gabe. Badut 2021erako erronka!