Ametsetako argazkia

Gaur arin samar gosaldu, eta Usurbilgo bira egitea erabaki dut. Jogur bat, platano bat eta kafea hartu ondoren bizikletarekin abiatu naiz.

Eguraldia lagun erraz joan naiz Getaria aldera lasai, lasai. Han Iribar anaiekin topo egin dut eta hauek Itziarko bidea hartu dute. Nik berriz Usurbilerantz jarraitu dut. Orioko gaina, Ortzaika, Agina, Usurbilgo rotonda, eta berriro etxerantz.

Getariako semaforoan, isotonikoari tragoxka bat eman diodanean, Alex eta Xubi gerturatu zaizkit (Garate gainean serieak egiten ibili dira)  Hizketan hasi eta kafe batera gonbidatu ditut etxerako bidea hartu bainio lehen.
Hamar minutuko atsedena, solasaldia, eta kafeaz gozatu ondoren abiatu gara. Gaztetapeko aldapa jeisterakoan Isabel eta Olatzekin gurutzatu gara (hauek Aiako bidea hartu dute).

Alex tiraka hasi da, Xubi atzetik, eta ni arnas estuka baina sartu naiz kurpilean. "Kaminero" etxeko koxka Xubik sendo igo ondoren, nik hartu dut erreleboa. Ri, ra, ri, ra, klik, klitiklik, klataklak (desarrollo egokia sartzen)
45 km/h abiaduran gure tropeltxoa bizi eta eroso, ekialdeko haizearen laguntzarekin.

Baina, Izustarri parean, danba!! Ohetik erori, eta guztia amets bat zela ohartu naiz.

Laister ikusiko ditugu ZTTko kideak, bizikletarekin edo bizikletik gabe, zapatilekin edo zapatilarik gabe, neoprenoarekin edo neoprenorik gabe. Bitartean ametsetan jarraituko dugu, ametsak egi bihurtzeko bizi baikara.

ZTT 2020ko martxoa.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide