Irailaren 4an izango da Zumaiako Triatloia

Sanchezen, Urkulluren eta, batez ere, Felix Zubiaren hitzak gertutik jarraituko ditugu datozen hilabeteotan. ZTTko antolakuntza buru-belarri lanean ari da Zumaiako Triatloiaren 14. ekitaldia gauzatu dadin. Aldaketa batzuk izango dira, baina eguna irailaren 4a izango da.

2020ko martxoan mundua gelditu zenean inor gutxik zekien gure bizitzak eta ohiturek nolako aldaketak izango zituzten. Osasun krisi honek, beste mila gauzarekin batera, kirol ekitaldi gehienak bertan behera uztea ere ekarri zuen.

ZTTko lan taldeak orain gutxi egindako bilera batean erabaki du antolakuntza lanei ekitea, ondorengo aldaketekin:

  • Herri mailako triatloirik ez da izango. Hainbat kirolarik lehen zipriztinak ateratzeko aukera hemen izan dute, eta guretzat ez da erabaki xamurra izan.
  • Esprint distantzian 400 edo, agian, 300 kirolari izango dira. Hemen federatuek soilik parte hartu dezakete.
  • Igeriketako irteera eta helmuga itsas kiroldegian izango dira.
  • Boxak, edo bizikleta gunea, Urola plazan izango dira, estazioko industriagunean. Igeriketa amaitu eta 200 metro oinez egingo dituzte kirolariek.
  • Bizikleta bertan hartu eta ohiko ibilbidea izango da; Aizarnazabal, Iraetaraino joan-etorria. 20 kilometro.
  • Korrika saioan, berriz, Urola plazatik abiatu eta Usurbiribilaga ingurura joango dira korrika parte hartzaileak, 5 kilometro osatu arte.
  • Triatloi egokituan parte hartuko duten kirolariak ere izango ditugu aurten Zumaian.
  • Kanpotik autoz datozen kirolariek, estazioko industriagunean autoa uzteko tokia izango dute, eta zirkuituaren zati handi bat itxita egongo da ikuslegoarentzat. Modu horretan, osasun neurri guztiak bete nahi dira, eta kirolariek segurtasun osoarekin triatloiaz gozatzea.

ZTT kirolarekin hezi eta gozatu!

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide