Gasteizen ere fin-fin aritu dira ZTTko emakumeak

Berriz ere podiumeko gorengo kaxoira igo dira, ekainaren 1ean jokatutako half distantziako triatloian. Klubeko Ruben Ruzafak ere beste garaipen bat lortu du Pirinioetan.

Helene Alberdik beste garaipen batekin poztu gintuen Gasteizera gerturatu ginen ZTTko jarraitzaileak. Half distantziako triatloia jokatu zen larunbatean, ekainaren 1ean, Arabako hiriburuan.

Ulibarri Ganboako urtegian hasi zen igeriketa saioarekin: 1.900 metro egin zituzten igerian. Ondoren, Arabako lautadan izan zen bizikletako zirkuitua, 90 kilometrokoa, eta, amaitzeko, Gasteizko erdiguneko korrikako zirkuitoan 21 kilometro osatu zituzten. 

Emakumeetan lehena izan zen Helene Alberdi, 4:16:33 denbora eginda. 

Eider Bereziartua (zazpigarren sailkapen orokorrean) eta Naiara Telletxearen (29. helmugan) lana ere bikaina izan zen eta modu horretan taldeka, emakumezkoen proban garaipena lortu zuen ZTTk. 

Hau gutxi ez eta Ruben Ruzafak ere garaipena lortu zuen, La Guingueta d'Aneun (Herrialde Katalanak) egindako Xterra duatoian. Lanak ondo eginda datoz, urteko hitzordu garrantzitsuenera.

ZTTko talde bikain bat ikusiko dugu datorren larunbatean. Klasiko eta maila handikoa bilakatu den proba batean, antolakuntza nahiz partaidetza aldetik. Zarautzen, hamaika taldekide izango dira Getariako Malkorbetik abiatuko den triatloiaren irteeran. Toki eta egun aproposa triatloia ikusten gozatu nahi duenarentzat.

ZTT kirolarekin hezi eta gozatu!

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide