Ikastea omen da ikasleen zeregin nagusia…zer da, ordea, ikastea? Ikastea egiten hastea da, eginez gainditzea, zailtasunak atzean uztea, ametsak egia bihurtzea eta erronka berriak bilatzea. Norberaren bidea aurkitzen laguntzea da eskolaren egiteko nagusia, norberaren pasioa pizten laguntzea. Horretarako, norbanako esfortzu eta lanaz gain, elkarlanean aritzea ezinbestekoa da.
Pasa den astean, azken euriteek ekarritako txoarkillak hartu eta sormena, kalkulua, neurrien kudeaketa, geometria eta abar luze bat landu zituzten ikasleek elkarlanean. Neguko egun argitsu eta zoragarriak aprobetxatu eta naturan, lagun artean, prozesu eraikitzaileak sortzea ezinbestekoa da ikasprozesu aberatsak bermatzeko.
Gaur egun Zumaian txoarkilletara joateko ohitura galtzen ari den arren, gure eskolako ikasleak ohitura zahar horri heldu eta garai bateko gaztetxoak ibiltzen ziren bezala aritu dira hondartzean, betiko txoarkillekin gauza berriak elkarrekin sortzen.