Bizia, aurrez aurre

Erabiltzailearen aurpegia Zumaiena Ikastetxea 2024ko mai. 30a, 16:45

Biziaren zikloa eskoletan erakutsi ohi den jakintza da, nola ez. Hasi intsekturik txikienetik eta gizakiengana iritsi arte, txiki-txikitatik hasten dira haurrak izaki bizidunak nola sortzen diren ikasten.

Ideietatik eta paperean egindako irudietatik haratago, ordea, gutxi dira izaki biziduna begien aurrean nola sortzen eta jaiotzen diren ikusi dutenak. Gurean ere, landa-guneak gertu ditugun arren, hiri-guneetako haurrei bezalaxe erakutsi ohi dizkiegu jakintza hauek.

Oraingoan, Zumaienan proiektu bat amestu dugu, hain zuzen ere gure haurrei txitak benetan nola jaiotzen diren erakusteko aukera emango diena: ernaldutako arrautzak zaindu, itxaron, gainbegiratu, elkarrekin tentuz behatu…. Eta garaia iristen denean, biziaren etengabeko mirariaren lekuko izan.

Bizipen esanguratsuak behar ditugu, haurren begi, buru eta bihotzetan luzaroan iraungo dutenak. Eta proiektu hau ez dute berehala ahaztuko gure eskolako Haur eta Lehen Hezkuntzako haurrek: beraiek hainbat egunez zaindutako eta babestutako arrautza txiki horietatik txitak nola jaiotzen diren ikusi eta bizi izan dutelako.

Horra hor hezkuntzaren azken helburua: nork bere burua ezagutuz besteekin elkarlanean ingurua zaintzen eta babesten ikastea.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide