“Zumaian euskararekin zer?” Horixe da Zumaiako Udalak Eusko Jaurlaritzaren Aroa marko estrategikoaren baitan abian jarri duen prozesua, euskararen erabileraren inguruko hausnarketa sakona egiteko.
Alde honetatik, ez dugu ahaztu behar euskararen etorkizuna gure gazteen esku dagoela. Esku artean dugun altxorrik kuttunenak bizirik iraungo du baldin eta gure gazteek hitz egiten eta transmititzen badute. Horren jakitun, Zumaiako Udalak ahotsa eman nahi izan die herriko gazteei, euskararen inguruan dituzten kezka eta hausnarketa guztiak mahai gainean jartzeko. Gaur, gure DBH3ko ikasleek hausnarketari ekin diote, euskarak norberarentzat zer esan nahi duen eta euskara nola zaindu dezakegun guztion artean pentsatzeko.
Ekimen bikain honi gogoz eta ilusioz heldu diogu, hizkuntza bat ez baita galtzen ez dakitenek ikasten ez dutelako, dakitenek hitz egiten ez dutelako baizik.