Arnasa bizitzeko ezinbestekoa da. Eta kontrolatzen ikasiz gero, hobeto bizitzeko bidelagun ukaezina. Arnasa hartzen ikastea nork bere burua zaintzen ikastea delako. Zumaienan, talentuetan oinarritutako lanketa sakona ari gara egiten ikerlan pedagogiko eta zientifiko esanguratsuetan oinarrituz. Talentu horiek egungo ikasleek etorkizuneko herritar bezala izango duten profila zehazten dute, eta profil horretan bada bereziki nabarmentzeko moduko talentu bat: emozioen erregulazioa. Haur, gazte eta heldu, denok behar ditugu tresnak geure burua ezagutu eta sentitzen dugun hori modu osasungarrian kudeatzeko. Bide horretan, arnasketa aliatu bikaina dugu: Axi Agirre Core Studioko zuzendaria bidelagun harturik, gure ikasleei tentsio uneetan estresa eta urduritasuna identifikatzen eta kudeatzen ikasteko teknikak landu ditugu, arnasaren bidez beren burua ezagutu eta erregulatzen ikas dezaten.