Sormenak dena bustitzen du, inguratzen gaituen guztia ukitu... sukaldaritza ere sormenari hegalak emateko testuinguru bikaina da, ezbairik gabe. Maria Amundarain gure ikasle ohia ibilbide interesgarria egiten ari da sukaldaritzaren munduan: Basque Culinary Center-en ikasi ondoren, Arzak jatetxean dihardu egun lanean, eta ETBko Sukaldarien Liga programaren irabazle izan zen.
Sukaldaritzarako bere pasioa Lehen Hezkuntzako gure ikasleekin partekatzera etorri da oraingoan. Gure eskolako sukaldeko ateak ireki, eskuak eta buruak prestatu, eta zentzumen guztiak erne jarri dituzte gure ikasleek sormenari leku pribilegiatu bat eskaintzeko: Mariaren jakintza eta sukaldaritzarekiko maitasuna gaztetxoen ikasteko gogoarekin eta jakinminarekin nahastu ditugu. Ez dago akatsik, ez lortu beharreko helburu bakar bat ere.... gozatzea da une honek eskaintzen digun helburu bakarra. On egin!