Pasa den astean, urriak 22, Europako herrialde desberdinetako ordezkariak hartu genituen Zumaiena ikastolan, urriaren 20tik 22ra Euskal Herrian egindako RCEen Europako 2026ko Eskualdeko Topaketaren baitan.
Topaketaren helburua Garapen Jasangarrirako Hezkuntzaren inguruko esperientziak partekatzea, elkarlana sustatzea eta jasangarritasunarekin konprometitutako Europako sareen arteko harremanak indartzea izan da. Ingurumen-hezkuntza, justizia klimatikoa, herritarren parte-hartzea, bakearen kultura eta aniztasun kulturala eta linguistikoa izan dituzte hizpide topaketa hauetan, besteak beste.
UN Etxeak koordinatutako topaketa honetan, Euskal Herriko hainbat txoko eta erakunde ezagutzeko aukera izan dute hiru egunetan. Bizkaian, Ekoetxea Meatzaldea, BBK Kuna eta Lauaxeta Ikastola bisitatu dituzte; Nafarroan, berriz, Mancoeduca eta Atarrabiako Batán de Villava; eta Gipuzkoan, Albaola Itsas Kultur Faktoria, MATER museo-ontzia eta Zumaiena Ikastola, besteak beste.
Gurean egindako bisitan, Zumaiena Ikastolako hezkuntza-proiektua eta azken urteotan konfiantzaren pedagogian oinarrituta garatzen ari garen eraldaketa ezagutzeko aukera izan zuten. Espazio berrituak, Ekolaborategia eta Baso Magikoa bisitatu zituzten, hezkuntza, berrikuntza eta jasangarritasuna uztartzeko egiten dugun lana bertatik ezagutzeko.
Esperientziak partekatzea eta elkarrengandik ikastea funtsezkoak dira hezkuntza jasangarriagoa eraikitzeko. Pozgarria da gure ibilbidea Europako beste eragile batzuekin partekatzea eta nazioarteko elkarlan-sareak indartzea.
Hezkuntza eraldatuz, etorkizuna eraikitzen jarraituko dugu elkarlanean.