2023an, Finlandiako Etelä-Pohjanmaan Opistoko hainbat ikasle eta irakaslek Euskal Herriko hezkuntza-sistema ezagutzeko aukera izan zuten, Kutxa Fundazioaren bitartez. Bisita hartan, Zumaiena Ikastolako hezkuntza-proiektua ere gertutik ezagutu zuten. Esperientziak interesa piztu zuen haiengan, eta gurekin harremanetan jarri ziren, beraien ikasleek Zumaienan praktikak egiteko aukera izan zezaten. Horrela sortu zen Erasmus+ programaren bidez gauzatutako elkarlan hau. Hilabete batzuetako lanketaren ondoren, lau ikasle izan ditugu ia bi astez gurean: bi Haur Hezkuntzan eta beste bi Lehen Hezkuntzan. Gure eguneroko jardunean murgildu dira, gure hizkuntza eta hezkuntza-eredua ezagutuz; aldi berean, Finlandiako esperientziak eta ezagutzak partekatu dituzte gurekin. Elkar ezagutzeko eta elkar aberasteko esperientzia izan da, eta etorkizunean elkarlanerako aukera berriak sortzeko lehen urratsa.