Hari gorri bat gudu-zelaian

Erabiltzailearen aurpegia Zoihartze Osa

Urriko Zumaia Guka aldizkariko Hainbat Aburu ataleko iritzi testua da honakoa.

1936ko irailaren 21ean indar kolpistek Zumaia indarrez hartu zuten. Laurogeita hamar urte pasatu dira ordutik, baina badira denborak ixten ez dituen zauriak. Isilduz gero berriro irekitzen direnak. Ahazten ditugunean desagertzen ez direnak, itzultzeko moduak bilatzen dituztenak.

Urteurrenek atzera begiratzera behartzen gaituzte. Baina memoria ez da iraganari begira geratzea. Memoria ez da inoiz iraganaren erreprodukzio neutroa edo objektiboa, memoria ekimen orok hautaketa eta berrinterpretazio bat baitakar berarekin, orainaldiko beharrizanek baldintzatutakoa. Eta 90 urte beranduago, memoria gudu zelai politikoa bilakatu da. Izan ere, egun, eskuin muturraren gorakadaren aurrean, alderdi politiko guztiek aurkezten dute beren burua erreferentzia gisa, finean, egungo faxismoari aurre egiteko.Baina memoria instituzional horrek, alde batetik, ahaztu egiten du estatu kolpea geldiarazi zutenak ez zirela instituzioak izan, baizik eta langile mugimendu antolatua eta proletariotza iraultzailea. Eta, noski, ezkutatu egiten du estatu kolpea sustatu zuten elite ekonomikoen eta frankismoaren garaian zein gaur egun aberasten jarraitzen duen burgesiaren arteko korrelazioa eta jarraikortasun soziala.

Berriro ere, iraganeko akats berberak errepikatzen dituzte. Ezkutatu egiten dute 1936ko faxismo historikoa, baita gaur egungo eskuin muturrak kapitalismoaren krisien ondorio direla ere. Era berean, ahazten dute demokrazia liberal burgesa, faxismoaren aurkako harresia baino gehiago, haren garapena ahalbidetu duen baldintzetako bat izan dela.

Beraz, 2026ko urrian, bestelako memoria baten alde egin nahi dut aldarri. Batetik, biktimismotik ihes egingo duena. Eta bestetik, estatu kolpearen aurkako erresistentzia eta abiatu zuten prozesu iraultzailea erdigunean jarriko dituena. Izan ere, faxismoari aurre egiteko adorea izan zutenak gaur egun inspirazio iturri dira.

Eta, azkenik, klase memoria baten premiazko beharraz mintzo naiz. Ezinbestean, faxismo historikoaren eta gaur egungo eskuin muturraren klase izaera agerian uztea beharrezkoa da mehatxuari benetan aurre egiteko. Kapitalismoaren eta faxismoaren aurkako salaketek eskutik joan behar dute. Behin hala esan zuen Bertolt Brechtek: "Nola esan daiteke faxismoari buruzko egia, [...], kapitalismoaren aurka ezer esan nahi ez bada, batak bestea sortzen duen arren?".

1936ko militante iraultzaileak, gogoz jazarri zituzten arren, bestelako mundu bat amesteko gauza izan ziren. Egun, bada gazteria antolatu bat hari hori bera lotzen duena.

Memoria borrokan eraikiz, agur eta ohore. 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide