Datorren asteartean, otsailak 17, arratsaldeko 7:00retan, Alondegian, “Osinbeltz, hondakin geldoen zabortegia? Hondakinen Kudeaketa Gipuzkoan” izenburua daraman hitzaldia emango du Javier Ansorenak, kimikari eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen zerbitzuko arduradun ohiak. Bertan, hondakin geldoen biltegi bat zer den eta Osinbeltzek horrela izendatzeko baldintzak betetzen ote dituen galderari erantzutearekin batera, hondakinak kudeatzeko dauden sistemaz eta gaur egun Gipuzkoan indarrean dagoen
PIGRUG plangintzaz arituko da. Ekitaldia Zumaiako EAJ-PNVk antolatu du. Hondakin kudeaketa sistemetan aditua da eta Europako nazio aurreratuenak hondakinak kudeatzeko dituzten ereduen jakitun. Gonbidatu eta txostengile gisa, Europan zehar hondakinen inguruan antolatu diren nazioarte mailako topaketa, jardunaldi eta mintegietan parte hartu izan du. Diputazioko Ingurumen zerbitzuko buru zen garaian Gipuzkoako Batzar Nagusiek gaur indarrean dagoen Hondakinen Plangintza onartu zuten. Hori dela eta deitu zioten eta bere iritzia agertu zuen Batzar Nagusiek, Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketa (GHK) erakundearen ibilbidea, aztertzeko osatutako batzorde txostengilean. Baita, gai honen inguruko hitzaldiak eman ditu ere.