DIRU SARRERAK BERMATZEKO ERRENTA ´SBE´ PROTAGONISTA ALONDIGAN
Lanbideren zuzendari nagusi den Adolfo Alustiza, SBEri buruz arituko da Erkibe kultur elkarteak antolatutako hitzaldian
Gaur egun Zumaiako 179 familiak gizarte laguntza hau jasotzen dute
Zumaiako Erkibe kultur elkarteak gonbidatuta, datorren asteartean, martxoak 24, 19:30ean eta Alondegiko Oxford aretoan, Lanbideren zuzendari nagusi den Adolfo Alustiza, Diru Sarrerak Bermatzeko Errentari buruz ´SBE´ arituko da.
Lanbidek, Enplegurako Euskal Zerbitzuak kudeatzen duen SBEa, bizitzeko oinarrizko gastuak ordaintzera heltzen ez diren diru sarrerarik gabeko eta gizarte esklusio arriskuan dauden pertsona eta familiei zuzendutako laguntza ekonomikoa da.
Alde horretatik, Erkibeko antolatzaileek adierazi dute gaur egun Gipuzkoako 15.503 familiak, hautetatik, 179 Zumaiakoak, jasotzen dutela laguntza hau.
Hitzaldian, Lanbide zerbitzuaren kudeaketaren arduraduna, programa honen filosofiaz, lortzeko bete behar diren baldintzetaz eta laguntza hauek jasotzen dituzten batzuk egiten duten iruzurrezko erabilpenaren aurka borrokatzeko ezartzen diren kontroletaz arituko da. Baina, batez ere, eta modu zuzenean, Euskadik, sektore zaurgarrienak gizarte-bazterkerian erortzeko arriskua ekiditeko eta gizarte kohesioa mantentzeko helburua duten gizarte politikako laguntza aktibo hauek edukitzeko garrantziaz arituko da.
Amaitzeko, Erkibe kultur elkartekoek azpimarratu dute eztabaidarako eta gogoetarako foroa den neurrian, zumaiarrei modu zuzenean eta alderdikeri eztabaidatik kanpo, hurbildu nahi izan diela Europako gizarte aurreratuen pareko den gizarte babeserako balio handiko zerbitzu honen errealitatea.