Kultura eta hizkuntza beharrezkoak dira herriak bizirik irauteko. Errestaurazio eta II. Errepublikako garaietan bezalaxe, Francoren diktadura ondorengo lehen hamarkadetan Batzokia Zumaiako kulturaren, euskararen eta abertzaletasunaren erdigunea izan zen berriz.
Mota guztietako jarduerak egin zituzten bertan: mokadu eta otordu goxoak eskaini, euskara eta euskal dantzak irakatsi; abesbatza sortu; eskulan, margoketa eta sukaldaritza ikastaroak eman; abesti, margo eta erredakzio edo idazketa lehiaketak egin; zine emanaldiak eskaini; irteerak antolatu; euskal-jaiak berpizteko taloak egin, jatearen ohitura kalera atera (inguruetan lehenengoetakoak izanik) eta sagardo dastaketaren ohiturari hasiera eman; artisautza erakustaldiak… eta, nola ez, gizarte zein politika gaietako eztabaida eta hitzaldiak prestatu eta herrigintza bultzatu. Egitan, Batzokia euskalduntasun eta abertzaletasunaren erreferentzia puntu izan zen berriro ere Zumaian.
Gerora, instituzioak sendotzen hasi ziren heinean, horrelako ekimenak erakundeen ardurapean geratzen joan ziren; eta ondorioz, Batzokian ematen ziren jarduera altruista haiek bere lekua utzi zioten sortzen joan ziren egitura publiko zein pribatu berriei. Zorionez, herri egitura osatzen joan zen gure Euskal Herrian; orain normala egiten zaigun herri estruktura bat hartzen, alegia. Musika eta dantza eskolak sortu ziren; euskaltegiak; kultura zein euskara sailak sortu ziren; euskarazko kultura ekoizpena handitu egin zen; aisialdiko ekintzak ofizialki antolatzen hasi ziren; Euskal Telebista sortu zen… eta horrekin batera orain berrogei urte existitzen ez zen eskaintza sozio-kulturala zabaldu eta normalizatu egin zen. Azken finean, ereindako haziak bere fruitua eman zuen.
Beste gauza oso garrantzitsu bat ere izan zen, ordea Zumaiako Batzoki berriaren proiektua; Auzolan eredugarria eta herrian eman den handienetako bat, izan zen.
Erkibe Etxea birgaitu eta eraberritzea
Batzokia zabaltzeko lanak 1977. urtearen inguruan hasi ziren, EAJ-PNV legeztatu zenean, alegia. Behin-behineko lokaletan egin zituzten abertzale haiek bilerak eta jarduerak hasiera batean, harik eta herri gunean baldintza egokia izango zuen tokia lortu arte, zeinak asmo zuten lana burutzeko aukera eskainiko zien.
Gauzak horrela, 1977an Zelaia familiarena zen Erkibe Etxea –Eusebio Gurrutxaga plazan– Batzokia izateko erabiltzeko emakida lortu zuten 20 urtetarako, gainbeheran zegoen eraikina eraberritu eta mantentzearen truke. “José Ramón Arrate familiaren abokatuaren bitartez eraman zen negoziaketa”, oroitzen dute hura bizi izan zuten abertzale jeltzaleek.
Batzokiaren inaugurazio ofiziala 1978ko uztailaren 23an izan zen.
Bi urte horietan zehar auzolan eredugarri baten ekintzaile izan ziren dozenaka gizon eta emakume abertzale zumaiarrak. Beren borondatez, orduak eta orduak eskaini zizkioten bere asmoa gauzatzeari, boluntario lanetan. “Gogor lan egin genuen; izugarri gogor. Den-dena, behetik hasi eta goraino, dena berritu genuen eta oso denbora gutxian”, diote David Egañak, Joxe Mª Amilibiak eta Joxe Mº Etxabek, lanean aritu ziren haien arteko batzuk.
“Igeltserotza lana Donato Bidasorori enkargatu zitzaion, pare bat langile kontratatu genizkion horretarako. Patxi Alzibar Arantza ere ibili zen, eta haien laguntzaile dozenaka lagun, boluntario, aritu ginen Iñaki Yeregi obra zuzendari genuela; eraispen eta hondakinak kendu edota betetzeko lanetan, karga-deskargan, masa botatzen, hargin…”.
“Etxea mugitzen hasita zegoen, goiko solairua zintzilika zegoen eta eustea beharrezkoa zen, horretarako burdinazko hamabi metroko ‘T bikoitza’ biga bat lortu zuen Manuel Proesek eraistear zegoen eraikin batetik”. Bereziki oroitzen dute zenbat kostatu zitzaien haiek sartzea. “Hura izan huen lana, hura! Han ibili ziren sartu ezinik. Hori bai, behin sartu zutenean, bai ondo sartu ere; han dago etxea oraindik ere, irmo”, oroitzen dute.
“Galdaragintza lanak ere geure artean egin genituen: parrila, plantxak…”. “Arotzeria-lanetan Justo Osa eta Karmelo Eizagirre ibili ziren. Justok egin zituen tximinia eta mostradore azpia dekoratzen zuten lauburuaren taila eder haiek, adibidez”, gogoratzen dute.
“Lagun asko elkartzen ginen, materialak handik eta hemendik lortzen genituen, asko mugitu ginen. Jende asko eta asko inplikatu zen egitasmo hartan, batzuk lanean eta beste batzuk materiala eta baliabideak lortuz, izugarria izan zen!. Eskaileretako baranda, adibidez, Bilboko Sotatarren etxetik ekarri zen [eraitsi egin zen nonbait eta handik ekarri], zineko butakak Donostian itxi edo hustu egin zen zinema batetik, kafetera eta sukaldea ere nonbaitetik ekarri eta berrerabilitakoak ziren… Dena horrela gauzatu zen, elkarlanean”
“Lanak hasterako lur zahar hura ‘hondartzen’ (garbitzeko teknika) eta, bukatutakoan ere, garbiketa orokorra egiten emakume talde handi bat ibili zen”, diote. “Kortina guztiak, ahozapiak, mantelak eta abar ere Edurne eta Begoñak Oruesagasti ahizpek egin zituzten, doan”.
Orain hain eder ikusten diren jardineko arbola batzuk ere nola landatu ziren gogoratzen dute. “Jardineko arboletako bat, agina, Erromatik ekarritakoa da. Euskal Herriko arbola adierazgarrienetako bat zela eta sartzeko eskatu zigun Martin Azkuek, Patxi Barrenderonekoak, eta guk sartu”. “Ezetz aurrera egin apustuak eta dena egon ziren; han dago orain eder eta bikain askoa”. “Gorosti bat ere sartu genuen, goizeko hirurak aldera aritu ginen ezkutuan hura landatu ezinik, ez zigutelako landatzeko baimenik ematen. Han dago orain, eder askoa!” azpimarratzen dute.
Eraikitze lanetan zein ibili ziren galdetuta, “asko” ibili zirela diote, “bai eraikitze lanetan eta baita zabaldu eta gerora mostradorea atenditzen ere”. Edadearen ajeak ere kontutan hartuta, “norbait ahazteko arriskua daukagu”, diote estututa. Besteak beste, Iñaki Yeregi, Joseba Esnal, Jon Uranga, Iñaki Esteibar, Agustín Amilibia, Joxe Mari Amilibia, David Egaña, Josu Esnal, Manuel Esnal, Joxe Mari Etxabe, Xabier Irureta Sasiain, Javier Aldalur, Antonio Eizagirre, Jexus Olaizola, Xabier Albizu, Jon Iribar, Joxe Iribar, Julian Goimendi, Vitoriano Urkidi, Felipe Laskibar, Alberto Esnal, Zabala, Martín Albizu, Joxe Manuel Prieto, Javier Uranga, Joxe Etxeberria, Jon Arana, Idigoras, Felix Balenziaga, Tomas Urbieta, Mikel Urbieta, Juanito Aizpurua, Pablo Agirrezabalaga, Castor Agirrezabalaga, José Manuel Osa, José Manuel Arrizabalaga, Joxemi Albizu, Asier Esnal, Imanol Esnal, Xabier Irureta Irigoien, Jesús Mª Olaizola, José Ramón Aldalur, Didaka Aldalur, Abel Yeregi Sasiain, Narciso Gorostola, Rosi Antia, Marije Antia, Lore Esnal Laskibar, eta beste zenbait ibili zirela dute gogoan. “Jendea etorri egiten zen, eta lagundu”, eransten dute.