Erkibe Etxeko Batzokia: Funtzionamendua

Erabiltzailearen aurpegia Zumaiako EAJ-PNV 2020ko uzt. 31a, 10:00

Erkibe etxeko batzokiaren eraikuntza auzolan ekimen bikaina izan bazen ere, bertan zegoen jatetxea eta tabernaren funtzionamendua ere ez zen gutxiago izan. Zumaiako Batzokiaren papera oroitu eta ezagutarazi nahi duen argitalpen honen bigarren atalean jatetxe bikain baten berri izango dugu.

Funtzionamendua ere auzolanean egin zen. “Boluntario taldeek, astez-asteko txandetan, eramaten genuen sukaldea eta taberna. Baita garbitasuna ere, taldeka eta txandetan egiten zen”, gogoratzen dute gure solaskideek.

Goiko solairuetako aretoetan ematen ziren zenbait ikastaro eta jarduera ere boluntarioen eskutik ematen ziren; dantza, abesbatza, pintura eta joste ikastaroak, edo zine emanaldiak, adibidez. Beste jarduera batzuk emateagatik, berriz, euskara irakasten zuten irakasleen kasuan bezala, ordaindu egiten zen .

Juntako kideen artean (UBBren barruan) kultura arduradun bat eta jatetxea eta taberna arduradunak zeuden. Kultura arduraduna arlo honetako jardueren antolaketaz eta koordinazioaz arduratzen zen, eta taberna-jatetxekoak berriz, txandak koordinatu eta bodegero edo utillero lanak egiten zituzten.

Taberna-sukaldea

Sukaldeaz emakumeak arduratzen ziren. Janari guztia egiteaz eta zerbitzeaz arduratzen ziren. Gainera astero-astero beren etxeetan fritoak egiten zituzten emakumeak ere bazeuden. “Ehundaka bandeja kroketa egin zituzten emakume haiek. Eta dena doan!“.

Sukaldeko lanetan aritu zirenen artean Lore Albizu, Margari Esnal, Margari Albizu, Lide Uranga, Arritxu Unanue, Miren Laskibar, Edurne Oruesagasti, Konsuelo Oruesagasti, Ixiar Goimendi, Mª Jesús Elosua, Ixiar Mendizabal, Mª Karmen Urkidi, Elixabete Esnal, Garbiñe Esnal, Edurne Egino, Bene Uranga, Trini Bidasoro, Juanita Bidazoro, Koldo Arrieta… zeuden, besteak beste.

Menua ere ez zen edozein modukoa. Aukera galanta eta plater bikainak eskaintzen zituzten emakume haiek. “Xabier Arzalluzek non eta inoiz jan zituen tripakirik hoberenak Zumaiako Batzokikoak zirela esaten zuen etortzen zen bakoitzean”, gogoratzen du Edurne Oruesagastik. “Asko maite zuen hark Zumaiako Batzokia, gustura etortzen zen!”

“Udatan izugarria izaten zen; bete-beteta egoten zen jangela, batez ere abuztuan! Leher eginda bukatzen genuen, neka-neka eginda, baina gustura!” diote Lore Albizu eta Arritxu Unanuek. “Kanpotik ere jendea asko etortzen zen, izugarri famatua zen Zumaiako Batzokia Donostia aldean eta Bizkaian ere, oso ondo jaten zelako eta leku ederra zelako oso ezaguna zen”, diote.

Fritoak egin edota garbiketa lanetan, aurrean aipatutako askoez gain, Juliana Sasiain, Karmele Esteibar, Josune Sasiain, Dolores Manterola, Miren Amilibia, Itziar Letamendia, Milagros Urbieta, Arantxa Manterola, Gertrudis Urbieta, Ana Mª Portela, Mª Pilar Arrizabalaga, Antonina Azkue, eta beste zenbait ere ibili ziren.

“Sukaldeaz arduratzeaz gain erabiltzen ziren mantel eta zapi guztiak ere geure etxeetara eramaten genituen astero-astero garbitzera”.

Tabernan, berriz, gizon mordoxka bat aritzen zen tabernari lanetan. Lehen eraikuntza lanetan aritu zirela aipatu ditugun ia denak, alegia. “A zer giroa han egoten zena! Larunbatero juntatzen ginen tertulia ederretan eta gainera, bazkaltzera, arratsalde pasa edo afaltzera etortzen zen jendez gainezka egoten zen. Eta ospakizun edo jai bereziak izaten zirenean berriz, zer esanik ez. A zer kantak, a zer harmonia!”, dute gogoan. “Urte gogor –herrian zegoen giro politiko eta sozial izugarri nahasia gogoratzen dute denek atsekabez– bezain ederrak izan ziren! Ilusioa zegoen”, azpimarratzen dute denek.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide