Erkibe Etxeko Batzokia: Kultur etxea eta euskaltegia

Erabiltzailearen aurpegia Zumaiako EAJ-PNV 2020ko abu. 1a, 10:00

Erkibe etxeko Batzokia zerbaitegatik aipagarria izan bazen, ordea, kultur etxea eta euskararen etxea izateagatik izan zen. Bere aktibitate oparoak eta bertan aurrera eramandako ekimenek nabarmendu egiten dute Erkibe etxeko Batzokia Zumaiako historia laburrean. Hona hemen zergatiak.

Musika eta dantza

Euskal musika eta dantzak Zumaiako batzokia osatzen zuten abertzaleen arreta gune izan ziren. Bertako musika eta dantzen biziraupena kolokan zegoen oraindik Euskal Herrian 70eko hamarkada amaiera hartan, eta abertzaleek euskal musika eta dantzak bultzatu zituzten. Zumaian ere halaxe egiten saiatu ziren eta zenbait ekimen garatu zituzten batzokian ildo honetan.

Erkibe Abesbatza eta zortzikoa 

Kantua zumaiarren jarduera gogokoenetako bat izan da betidanik. Kantua euskara kaleratzeko, plazaratzeko, eta suspertzeko modurik nagusiena izaten ari zen 60ko hamarkadaz geroztik. Era berean, euskal eta zumaiar kantutegi herrikoia berreskuratzea ere inportantea zela ikusi zuten, herri bezala irauteko. Gainera, ospakizunak eta ekitaldiak girotzeko modu bat zen ondo antolatutako abesbatza polit bat izatea. Asmo guzti hauek buruan, eta zuten harrobia ikusita, abeslari on eta musikazale asko baizeuden batzokiko kideen artean, abesbatza sortzea erabaki zuten. 

Hau horrela, abesbatza misto bat sortu zuten. Pili Aizpurua pianoan zela, Jeronimo Egañaren zuzendaritzapean aritu ziren eta asko izan ziren eskaini zituzten emanaldiak; baita inguruetako herrietan ere. 

Abeslari zerrenda luzea izan zen berriro ere, Jontxu Alzibar, Vitoriano Urkidi, Joseba Etxabe, Josu Esnal, Agustin Amilibia, Jose Mª Amilibia, Eugenio Etxabe, Jesus Olaizola, Iñaki Esteibar, Joxe Mª Telleria, Antonio Eizagirre, Rafael Aizpurua, Gertrudis Urbieta, Mª Jesus Elosua, Ixiar Mendizabal, Mª Carmen Urkidi, Pepita Irigoien, Gurtxune Zubia, Ixiar Arrieta, Mariasun Albizu, Luisa Mª Aristondo, Marije Antia, Maribi Garate, Mª Pilar Manterola, Edurne Irigoien edo Rosi Barrena, besteak beste. 

Eta urte batzuk geroago gizonezkoz osatutako zortzikoa ere sortu zen. 1981ean udalak zortziko lehiaketa antolatu zuela dio Xabier Iruretak, eta han parte-hartzeko gizonezko Erkibe zortzikoa sortu zen, haietako batzuen artean.

Erkibe zortzikoaren jarduera emankorra izan zen. “Leku askotatik deitzen gintuzten. Beste herri batzuetan ere aritu ginen kantuan. Zuzendaririk gabe aritzen ginen. Jontxu Alzibarrek tonua ematen zigun eta abeslari bezala sartzen zen taldera”, gogoratzen du Joxe Mª Amilibiak. “Madrilen ezkontza batean kantatzera ere joan ginen. Gastu guztiak ordainduta, galdutako lan-egunetako jornala barne”, oroitzen du Amilibiak. “Kasete batzuk ere egin eta saldu ziren gure kantekin. Nik banituen etxean… 800 pezeta edo balio zuten”.

Koruaren azkenengo emanaldietakoa 1999. urtean Zumaiako Udalak antolatutako kantu lehiaketa izan zen. “Irabazle izan ginen”, diote. On Asentxio Elustondo apaizak Zumaia izeneko abesti bat ere egin zuen koru harentzat; oraindik abesten dena”.

Gabon abesti lehiaketa

Errepublika garaiko batzokiaren jarduera eredu hartuta, oraindik mantentzen den euskaraz abestutako gabon kantu lehiaketa ere antolatzen hasi ziren 1980eko hamarkadan. Bide batez, jaiotzarik onena eta modurik egokienean jantzitako taldeak ere saritzen ziren, eta dira oraindik ere. Horrela euskal jantzi tradizionalak egoki janzteko ohitura eta ezagutza mantentzen lagundu nahi da –hain premiazkoa dena, oraindik ere; edo agian, inoiz baino gehiago orain– eta umeen talde-lana eta sormena suspertu.

Dantza
Euskal dantzek ere izan zuten lekua batzokian. Larunbat arratsaldetan izaten zen euskal dantzen saioa, eta Antonio Eizagirre eta Mª Pilar Beobide aritzen ziren irakasle lanean. 

Euskara

Zumaia herri euskalduna zen, baina, halabeharrez, gaztelania oso zabaldua zegoen herrian 1970eko eta 1980ko hamarkadetan, eta jendea alfabetatzea ere beharrezkoa zela ikusten zen. Euskarak arriskuan jarraitzen zuen eta bitartekoak ipini behar zirela uste izan zuten, batez ere heldu eta gazteen artean, euskal hizkuntza indartzen laguntzeko. Haurrak eta gaztetxoak hasiak ziren, zorionez, Ikastolari eta eskolei esker euskaran murgiltzen.

Gauzak horrela, Errestaurazio garaian eta II. Errepublika garaian bezalaxe, euskararen egoeraz kezkatuta batzokian euskara irakasten zen; Zumaiako lehenengo euskaltegia izan zen Batzokia. Maila ezberdinetako klaseak ematen ziren: euskara hobeto ezagutu nahi zutenentzako zein euskaraz alfabetatu nahi zutenentzat. Klaseak Batzokian bertan, goiko solairuko liburutegia eta gelatan, eta ‘kolegioan’ ere ematen ziren. 
Artxibategian topatu ditugun dokumentuetan, 1982/83 ikasturtean (zortzi hilabeteko ikasturteak izaten ziren) 65 ikaslek bukatu zuten ikasturtea, eta zazpi pertsona aritu ziren irakasle lanetan. 83/84 ikasturtean, berriz, 75 izan ziren ikasleak eta 85/86an, adibidez, 55. 1984. urtean HABE sarean sartzea lortu zuten, eta irakasle lanetan aritzen zirenei ikastaro berezi bat eskaini zitzaien horretarako Donostian.

Irakasle lanetan aritzen zirenen ordainsariez gain, ikastaroetako pedagogia materiala erosteaz ere arduratzen zen Batzokia. Zenbait urtetan, Ikasleek ordaintzen zuten kuotarekin defizita sortzen zen, eta ‘zuloa’ taberna-jatetxeko irabaziekin estaltzen zen.

“Liburutegia ere bazuen batzokiak. Liburu asko eta asko alderdikideek emandakoak ziren, beren etxeetan zituztenak, eta beste asko erosi egin genituen”, oroitzen dute. Ehunka liburu eta aldizkariz hornitutako bitrinekin eta mahai luze batekin, Zuloaga plaza aldera jotzen zuten bi leiho handi eder zituen gela luzea zen liburutegia, eta kontsultak egin eta irakurtzen egoteko aukera ematen zuen. “Herrian oraindik ez zegoen liburutegi publikorik, horretan ere aitzindari izan zen Batzokia”, diote.

Pintura, joste, argazki eta eskulan-ikastaroak

Makina bat urtetan, larunbatero larunbatero Valentin Manterolak pintura-ikastaroak eman zituen, doan. Makina bat haur eta heldu –80 bat urtean– pasa ziren ikastaro haietatik. 

Joste-ikastaroak Edurne Oruesagastik ematen zituen, doan. Ehunka neska pasa ziren hirugarren solairuko EGIko aretoan ematen ziren ikastaro haietatik. Bordatuak, gurutz-puntua, bainikak, etab. “Gauza zoragarriak egin zituzten neska haiek denak, ”dio Edurnek. “Urte batzuk geroago beste eskulan batzuk ere erakusten hasi nintzen, hiru dimentsiotako kuadroak eta paperezko loreak, adibidez”, gaineratu du. “Saninazioetan urte guztian egindako lanekin, pintura zein joste edota eskulanekin erakusketa antolatzen genuen eta ze gauza polit ikusi ahal izaten ziren bertan!”.

Kultur astea: Zumaiako margo lehiaketaren aitzindari 

Urte askotan zehar kultur astea antolatu izan zen uztailaren azkenengo astean, San Inazio egunaren inguruan. Zenbait kultur ekitaldi antolatzen ziren haren barruan, margo lehiaketak, artisautza erakusketak, ikastaroak, hitzaldiak, etab.

Gaur egun abuztuaren erdi aldera egiten den margo lehiaketaren aitzindaria ere Zumaiako Batzokia izan zen. Horrela, 1986ko uztailaren 5ean, Erkibe Kultur Taldeak antolatuta, Zumaian egindako Gipuzkoako Margo-Artelarien topaketaren, eta ondorengo urteetan egindako zenbait pintura edo margo lehiaketa ezberdinen berri ere aurkitu dugu artxibategian.

Sukaldaritza ikastaroak

Sukaldaritza ikastaroak ere eman izan ziren hainbat urtetan. Emakumeak oroitzen dira nola joaten ziren ikastera. “Arrakasta handia izan zuten ikastaro haiek eta sukaldari onak etorri izan ziren erakustera: Castillo, Subijana, Koldo Lasa, eta abar”, diote. Ikastaroetan Julian Bereziartua medikuak hitzaldia eskaintzen zuen; jatearen eta osasunaren arteko garrantziaz jarduten zuen hark.

Euskal Jaiak: “Zumaiako Talogileak” 

Gaur egun oso arrunta egiten zaigu talogileak edozein festatan ikustea. 80ko hamarkadan, ordea, ez zegoen horrelakorik. Taloa baserrietako eta zenbait etxeetako sukaldeetako gauza zen; ez zegoen hiritartuta. Zumaiako batzokiko taldea izan zen lehenengo talogileetakoa. Taloekin batera sagardoa ere eskaintzen hasi ziren. Hortik hasi zen gerora udalak bere gain hartuta ezinbesteko zita bihurtu den Euskal-Jaietako ekintza hori.

Ekimen hau klabea izan zen Zumaian egiten ziren Euskal-Jaien berpizte eta indartzean. 1980ko hamarkadako Euskal-Jaiek ez zuten zer ikusirik gaur egiten direnekin eta, besteak beste, egungo Euskal-Jai jendetsu eta animatuen eragilea batzokian antolatutako ‘talofesta’ izan da, dudarik gabe.

Taloak egitea pentsatu genuen baino ez genekien nola egiten ziren, eta Sabina Burrinearengana jo genuen erakusteko. Oso pozik etortzen zen, lanean hasi baino lehen lepoan zapia jartzen zuen, bukatzerakoan talo eta esnea jan eta, eta ‘datorren urtera arte’ esanez agurtzen zen”, dio Lore Albizuk.

Pepita Arakistain, Miren Laskibar, Sabina Romatet, Miren Amilibia, Miren Iribar, Lide Uranga, Miren Uranga, Lore Albizu, Margari Esnal, Margari Albizu, Mª Luisa Unanue, Arritxu Unanue, Edurne Oruesagasti, Consuelo Oruesagasti, Arantxa Manterola, Mª Carmen Aizpurua, Mertxe Urbieta, Luis Osa, Anton Zorita, Iñaki Yeregi, Josu Esnal, David Egaña, José Mª Etxabe, Agustín Amilibia, Joseba Esnal, Jexus Olaizola… eta beste zenbait hasi ziren talo lanetan hasierako urte haietan.

Hitzaldiak , irteerak, zine emanaldiak…

Kultura eta gizarte gaiei buruzko hitzaldiak: Fermin Leizaola, Carlos Linazasoro, Julian Bereziartua…

Euskal Zinema emanaldiak: Mikelen heriotza euskarazko bertsioan, 1987an; Akelarre, La Conquista de Albania

Kultura Irteerak: Hondarribiara (Basterretxea eta Sagarzazuren estudioak eta jauregia bisitatuz), Bilbora, Gernikara, Lizarrara, Herriberri-Uxue,…

Kimu berria

Kimu bat ere utzi zuen batzoki hark bere ibilbidean: Erkibe Kultur Taldea, alegia. Euskara, memoria historikoa eta herri kultura ezagutaraztea eta bultzatzea xede duen kultur taldea. Azken urteotan bereziki gure herriaren memoria historikoaren ikerketan eta berreskuratzean murgilduta egon den kultur taldea aitzindaria izan da lanketa horretan, ekarpen handia eta garrantzitsua eginez gure herriari. Talde honek lanean dirau eta herriko kultura, gizarte eta euskara eragile anitza izaten jarraitu nahi du etorkizunean.

Herriko gune sozial garrantzitsua izateaz gain, euskal kultura orokorrean eta Zumaiakoa, partikularrean, berpiztu eta berreskuratzen ezinbesteko papera izan zuen Batzokiak. Zenbait urtetan erreferente bakarrenetakoa izan zen Zumaiako euskal kultur bizitzan. Horrenbestez, eta gizabidezkoa denez, herriari egindako ekarpena aitortu eta herritarrei beraien lana azaldu eta ezagutarazi nahi izan diogu, Zumaiako oroimenaren ondareari beste ekarpen bat eginez. 

Izan zirelako gara eta garelako izango dira. Eskerrik asko!

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide