“Zumaiako alkateak egindako adierazpenak etsigarriak eta arriskutsuak direla uste dugu”

Erabiltzailearen aurpegia Zumaiako EAJ-PNV 2020ko urr. 31a, 08:28

EH Bilduko alkateak Zumaiako Udalaz gaindiko erakundeek dena herritarren bizkar uzten dutela iradokitzea sinesgaitza ez ezik mingarria eta etsigarria iruditzen zaio Zumaiako EAJri. Oposiziotik ekarpenak egitea ere posible dela uste du EAJk eta Zumaiako EAJ udal taldeak horrela jardun duela adierazi dute jeltzaleek “gobernu erantzukizuna dutenekin beti ados egon ez arren eta nork bere ikuspegia azaldu arren, osasun krisi honetatik irteteko dagoeneko nahikoa zaila den bideari oztopoak ez gehitzea beharrezkoa delako”.

Zumaiako EAJk adierazi du Baleikek argitaratu duen Zumaiako alkateari egindako elkarrizketak harridura eta etsipena sortu dizkiola. Jeltzaleek harriduraz hartu dute Zumaiako EH Bilduko alkateak hainbesteko segurtasunarekin esatea “espero genuen udazkenean etorriko zela beste olatu bat” eta aurrerago errepikatzea, “ikusten zen halako birusek udazkenean gorakada izaten dutela”. Izan ere, Zumaiako EAJk gogora ekarri duen bezala, “Eusko legebiltzarrerako hauteskundeak uztailean egiteagatik bereak eta bi entzun behar izan zituen Lehendakariak eta EH Bilduko koordinatzaile nagusiak irailean egitea egokiagoa zela errepikatu zuen behin eta berriz”. Jeltzaleek ez dute ulertzen nola litekeen udazkenean egoerak okerrera egingo zuela hain ziur jakinik horrelako proposamenik egitea eta gutxiago Lehendakariaren erabakiarekin hain kritiko agertzea.  

Baina alkateak azkeneko galderaren erantzunean erakutsitako erantzukizun faltak eta autokonplazentziak utzi ditu bereziki zur eta lur jeltzaleak. Alkateak dio “Ez dakit guk zer gehiago egin genezakeen. Gure aldetik, behintzat, instituzio bezala, ikastaro batzuek eten ditugu, garbiketa eta desinfektazioa areagotu dugu, protokoloak berriro begiratu ditugu... Alde horretatik egin beharrekoak egin ditugu. Beste instituzioetatik egin beharko da beste esfortzu bat, beste bultzada bat. Ezin da dena herritarren bizkar gainean utzi”.  EH Bilduko alkateak Zumaiako Udalaz gaindiko erakundeek dena herritarren bizkar uzten dutela iradokitzea sinesgaitza ez ezik mingarria ere bada Zumaiako EAJrentzat “uste dugu bistakoa dela norbanako bakoitzak arduraz jokatzea beharrezkoa dela eta alkateak egindako adierazpen horiek etsigarriak iruditu zaizkigu. Lehia politikoan etekina atera nahian horrelakoak esatea oso arriskutsua dela uste dugu. Erakunde guztiak ari dira lanean eta neurriak hartzen egunetik egunera ezagutzen goazen gaitz honi aurre egiteko eta horretan jarraitu behar dute, baina baita gu guztiok ere eta, zorionez, herritarren gehiengoak ulertzen du bakoitzaren esku ere badagoela, hein oso handi batetan, birusari aurre egitea”.

Krisi honi aurre egiteko elkarlanean aritzearen eta lehia politikoa albo batera uztearen beharra ere azpimarratu dute jeltzaleek  eta EH Bilduren jarrera, orain arte behintzat, oso bestelakoa izan dela adierazi dute. “Azken egunetan Eusko legebiltzarrean diskurtsoa aldatu duela bazirudien ere, EH Bilduk etengabe iradoki du EAJk gidatzen dituen erakundeak beti gaizki ari direla. Badirudi EH Bilduren erabaki denak direla zuzenak eta EAJrenak okerrak eta erabaki guztietan asmatzea ezinezkoa den bezala, guztietan  huts egitea ere ezinezkoa dela nahiko bistakoa da”.

EH Bildu gobernuan eta EAJ oposizioan dauden kasuetan, Zumaiako Udalean adibidez, oposizioaren jarrera oso bestelakoa izan dela azaldu du Zumaiako EAJk “Zumaiako udal gobernuak ere ez du asmatu erabaki guztietan, gure ustez udalak egin zezaken eta egin dezake gehiago; hala ere EAJ udal taldearen ekarpena ez da izan kritikara mugatzea. Krisia hasi zenetik ekintzailea izan da eta herritarren onuran bere ekarpena egin du udalean, udal gobernuari bere laguntza eskainiz, bestelako interesen aurretik zumaiarrak lehenetsita. Uste dugu hori dela bidea, gobernu erantzukizuna dutenekin beti ados egon ez arren eta nork bere ikuspegia azaldu arren, osasun krisi honetatik irteteko dagoeneko nahikoa zaila den bideari oztopoak ez gehitzea”.  

Norberaren ardura eta guztion ardura direla gaixotasunari aurre egiteko lehen pausua berretsi dute, amaitzeko, jeltzaleek. “Instituzioak etengabe ari dira neurriak hartu eta baloratzen. Hau ez da amaitu, ezta gutxiago ere. Gutako bakoitzak erabaki behar du gaixotasun honen aurrean ze jarrera izan. Bakoitzari dagokigu ezartzen diren neurriak betetzea eta instituzioei, bakoitzari bere esparru eta mailan, hauek betearazten saiatzea; ardura hau ere badagokio udalari.”

OHARRA:

Idatzi hau prestatzen ari garela goizaldean gure herrian izandako gertaera negargarrien berri izan dugu. Herriko zenbait gunetan zabor-ontziak eta kotxe-ren bat ere erre dituztela jakin dugu. Ez dakigu herenegun Bilbon gertatutakoaren ildotik datozen gertakari hauek; dena dela eta datozen lekutik etorri, irmoki eta gogor salatu eta arbuiatzen ditugu horrelako gertaerak.

Indarkeriak ez dauka lekurik gure artean, ez dago inolako arrazoirik, inolakorik ez,  horrelako jokabideak justifikatzen dituenik.

Erantzukizunez jokatzea eskatzen diogu udalari; gertaera hauek argitzen lagundu eta bere eskumenen baitan, behar diren neurriak hartzea exigituz.

 

Zumaian, 2020ko urriaren 31ean

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide