Urria amaieran egin zen baheketaren harira; Baleikek argitaratu zuen Zumaiako alkateari egindako elkarrizketak harridura eta etsipena sortu zigun eta hala adierazi genuen idatzi batean. Elkarrizketa hartan Alkateak erakutsitako erantzukizun faltak eta autokonplazentziak zur eta lur utzi bagintuen, oraingo honetan marka guztiak hautsi ditu gure ustetan.
ETB 2an egindako elkarrizketa batean, adierazpen traketsak egin zituen atzo alkateak (irudian).
EH Bilduko alkateak Zumaiako Udalaz gaindiko erakundeek hartutako neurrien errua dela iradokitzea sinesgaitza ez ezik lotsagarria ere bada. Uste dugu bistakoa dela norbanako bakoitzak arduraz jokatzea beharrezkoa dela eta alkateak egindako adierazpen horiek etsigarriak iruditu zaizkigu. Lehia politikoan etekina atera nahian horrelakoak esatea oso traketsa dela uste dugu. Krisi honi aurre egiteko denon ardura eta erantzukizuna beharrezkoa da.
Baita Zumaiako Udal gobernuarena ere. Erakunde bakoitzak bere eskumen eta ardura mailak dauzka; eta udalei dagozkien mailan, neurri propioak hartzeko eskumena eta ardura izanik, baditu herriko alkateak besterenganatu ezin daitezken bete beharrak. (ikusi Toki-araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legearen 21. Artikuloa).
Hori horrela, zer nolako neurriak hartu ditu Zumaiako alkateak egoera ahalik eta azkarren bere onera ekartzeko? Zer gertatzen ari da udal zerbitzuekin (bereziki Udaltzaingoarekin) pandemia irauten ari den denbora guzti honetan? Zergatik dago, herritar askoren ustetan, Udal gobernuaren aldetik dagoen utzikeria hori? Beste herrietan Udalek beren neurriak hartzen dituztela ikusten dugu; Zumaian, berriz besteak egurtu eta erantzukizuna besteen gain uztera mugatzen da alkatea.
Covid-19-aren inguruko erabaki guztiak zailak, oso zailak dira eta bizi dugun egoera kezkagarria da; beraz, gai horretan lehia politikoa albo batera uztearen beharra ezinbestekoa da.
EH Bilduren jarrera, oso bestelakoa izaten ari da, ordea. EH Bildu etengabe ari da esaten EAJk gidatzen dituen erakundeak beti gaizki ari direla. Ez da onargarria.
Erabaki guztietan asmatzea ezinezkoa den bezala, guztietan huts egitea ere ezinezkoa dela nahiko bistakoa da. Akusazio antzuetatik eta urkoari ardurak eskatzeaz haratago joan eta beste erakundeak (Jaurlaritza eta Aldundia) egiten ari diren bezala, erabakiak hartu ditzatela exigitzen dugu. Erakutsi dezatela daukaten “planifikatzeko gaitasuna” eta “buru argitasuna”. Oraindik ez dugu horrelako askorik ikusi, ordea.
Zumaiako EAJ-re herri erakundea.
2021eko urtarilaren 15a