Martxoak 8-a, Emakumeen Nazioarteko Eguna, oraindik ere gizarteak emakumeari egozten dizkigun rolak ezbaian jarri eta Euskal gizartean emakumeok parte hartze aktibo eta erreala izan dezagun, bai eremu publikoan eta bai pribatuan ere, erreibindikatzeko eguna da.
Genero berdintasunak gizartea demokratikoagoa egiten laguntzen duela sinisten dugu eta horregaitik Zumaiako EAJ osatzen dugun emakume eta gizonok genero diskriminaziorik gabeko gizarte baten alde lanean jarraitzeko gure konpromisoa berretsi nahi dugu.
Egiteko dagoen guztia azaleratzeko eguna izateaz gain, egun honek testuinguru egokia eskaintzen digu berdintasunaren bidean egindako lorpenak gogoratzeko ere. Gure gizartearen bilakaeran arrastoa utzi duten emakumeen jardunaz oroitzeko abagunea da; haien adorea, jakintza eta determinazioa aitortzeko unea.
Eusko Alderdi Jeltzalearen ibilbidean. Emakumearen agerraldi publikoa Emakume Abertzale Batzaren eskutik etorri zer XX. mende hasieran (1922 sortua).
Abertzaletasuna eta euskara zabaltzea helburu nagusitzat zuen antolakuntza harek harrera berehalakoa eta beroa izan zuen Zumaian ere, gure herriko familia abertzalearen atal garrantzitsua bihurtuz hasiera hasieratik.
Emakume haiek gure hizkuntzaren zaintza eta zabalpenean eta arlo sozialean egindako lan eskergagatik nabarmendu ziren. Ezin ahaztu daiteke, egin zituzten beste jarduera andana ere: besteak beste, hezkuntzan, kulturgintza abertzalean edo politika abertzalearen propagandan egindakoa-1933tik aurrera bereziki; urte hartan eman ahal izan bai zuten botoa euskal emakumeek lehenengo aldiz-. Izan ere, 1931ko irailaren 1ean onartu zen espainiar Estatuan emakumeen boto eskubidea- 161 aldeko eta 121 kontrako bozkekin-. Paradoxikoki, Clara Campoamor-en alderdiak, Acción Republicana (errepublikar alderdi erradikala) eta Victoria Kent-en alderdiak, Partido Radical Socialista delakoak kontrako bozka eman zuten. Aldiz, EAJ-k ez zuen zalantzarik izan emakumeoi botu eskubidea aitortzeko eta aldeko bozkaren hautua egin zuen.
Errepublika garaian hainbat emakumek etxekoak ez ziren lanen ardura hartzen hasiak ziren eta hainbat izan ziren Zumaian ere urrats hori eman zutenak. Asko izan ziren konpromisoa hartu eta gogotsu lanean aritu ziren zumaiar emakumeak.
Euskararen erabileraren alde eta bereziki euskarazko hezkuntzaren alde irakasle eta idazle gisa egin zuten lan handiagatik, Elbira Zipitria eta Julene Azpeitia emakume zumaiar jeltzaleak gogora ekarri nahi genituzke.
Gerra zibila eta gerra ondoko urteetan antolatutako zenbait sareetan parte hartu zuten emakume haiek. Askok exilioa ezagutu zuten eta herrian geratu zirenek egoera gogorrak pairatu zituzten.
70. hamarkadatik aurrera eta, bereziki, 80. hamarkadan aldaketa handiak eta lorpen garrantzitsuak ematen dira emakumeen berdintasunaren aldeko ibilbidean. Bereziki, emakumea lan munduan eta politikan parte hartzen hasten gara; lehenik ,era progresiboan, eta gerora, masiboki. Horrek aldaketa handia ekarri du gizarte osoaren onerako; baita Zumaian ere. Asko eta asko dira, arlo publikoan zein pribatuan, beren ikasketa eta lanetan nabarmendu diren emakume zumaiarrak eta beraietaz harro gaude. Era berean bidegabekeria eta diskriminazio ugari ere agerian utzi ditu ordea prozesu honek.
Egoera haren ondorioz hainbat ekimen jarri izan dira martxan (arlo instituzionalean 1988-an EMAKUNDEREN sorrera eta 2005 ko Gizon eta Emakumeen arteko Berdintasun lege aintzindaria dira mugarrietako bi) zeinak garrantzi berezia izan duten berdintasun politikak bultzatu, emakumeen ahalduntzean lagundu, emakumeen aurkako indarkeriari aurka egiteko borrokan ekimenak eta laguntzak martxan jarri eta gizarte berdinzaleago baten alde gizartea sentsibilizatzeko ibilbidean.
Bidea ez da amaitu ordea eta guk jarraitu egingo diogu.
Garai bateko baldintza gogor haietan ere emakumeok egindako ekarpenak baliotsuak izan ziren. Hala dira, baita, gure gaur egungo errealitatea interpretatzeko eta gure etorkizuna bizikidetzan oinarrituta eraikitzeko ere. Berreskuratu dezagun bada, harrotasunez, geurea degun memoria historikoa, berdintasunaren aldeko egungo aldarri ozenarekin batera.
GUK (ere) egingo dugu!!!!